Mugikortasun-plana egiteko herritarren partaidetzarako tailerra egingo da gaur Errebal Plazan
Eibarko Udaleko Ingurumen Arloak udalerrirako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria prestatzen dihardu. Bertan, Ikuspegi teknikoaz gain, herritarren ideiak, kezkak eta ekarpenak integratu nahi dira, parte hartzeko bitartekoen bidez. Herritarren irtziak jasotzeko hainbat baliabide eskaintzen ari dira, eta horietako bat gaur Errebal Plazan egingo den tailerra da. Bertako erabilera anitzeko gelan egingo den saioa herritar guztientzat zabalik egongo da, 18:30etik aurrera.
Gabonak aurretik mugikortasun-ohiturei buruzko formulario tekniko bat igorri zen ausaz aukeratutako 2.000 etxetara, Eibarren arlo honetan dauden joeren inguruko mapa bat sortzeko xedez. Gabonak pasatu ondoren, galdetegi digital bat prestatu zen, udal-webgunearen bidez eskuragarri egon dena. Galdesorta hori postontzietan ere banatu da etxe guztietara. Esan bezala, parte-hartze prozesua amaitzeko, herritar guztientzat zabalik egongo den saio presentziala egingo da gaur.
Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun Jasangarrirako zinegotziak esan duenez, "Udalak Eibarko bizilagun guztiak animatu nahi ditu parte hartzera, mugikortasunaren arloan dituzten kezkak eta arazoak zeintzuk diren jakiteko".
"Egungo planaren egoera aztertu eta helburuen betetze-maila ikusi ondoren, Eibarrek gaur egun eta etorkizun hurbilean dituen erronka eta premiei erantzuteko unea da, hiriaren jasangarritasunaren, segurtasunaren eta konektibitatearen printzipioak bereziki azpimarratuz”, diote udal arduradunek.