Mundu osoko 200 adituk hartuko du parte PloneConf 2023 konferentzia teknologikoan
Gaur goizean egin dute aurkezpena antolatzaileek eta, azaldutakoari jarraituz, “30 herrialde ezberdinetatik etorritako 200 aditu eta erabiltzaileek hartuko dute parte. Eta beste hainbestek online jarraituko dute”.
Egitasmoak irauten duen zazpi egunetan, formakuntza ikastaroak oinarri izango dituzten bi egun egongo dira, hitzaldietarako beste hiru, eta garapen teknologiko esprintak egiteko beste bi egun. Antolatzaileen berbetan, “prestakuntza-saioak 8 nazionalitatetako 11 prestatzaile profesional adituk eskainiko dituzte. Saio horiek guztiak interesa dutenei irekita daude, eta hasiberriei zein garatzaile aurreratuei zuzendutako zortzi trebakuntza profesional biltzen dituzte. Konferentzien egitarauak, aldiz, 60 hitzaldi inguru jasotzen ditu eta 2-3 track paralelotan egingo dira, Coliseo antzokiko areto nagusian eta ondoko beste bi aretoetan”.
Euskarazko saioa prestatu dute datorren barixakurako
Konferentzia ingelesez egingo bada ere, datorren barixaku goizerako euskarazko saioa prestatu du CodeSyntax-ek: “Eleaniztasuna eta malgutasuna CMSetan”. Bertan ULMA Construction, ULMA Packaging, Kitconcept GmbH, EKE, Euskal Kultur Erakundea, UEU, Udako Euskal Unibertsitatea, Copernicus EEA Europako Ingurugiro Agentzia... eta beste batzuk hartuko dute parte.
Konferentziari buruzko informazio guztia, egitaraua barne, https://2023.ploneconf.org/ webgunean dago.