Munduan irakasle gehiago behar direla aldarrikatuko dute eguen eguerdian Untzagan
Hezkuntzaren Aldeko Munduko ekintza-astea (HAMA) da hau eta, horren harira, EAE-ko 80 eskolatako 1.500 ikaslek azken egunak horren ingurukoak prestatzen jardun dute. Aldarrikapen garrantzitsuena 2015. urtean Lehen Hezkuntza unibertsala, hau da, denen eskura izatea da, baina hori lortzeko munduan 1'7 milioi irakasle gehiago behar dira. Izan ere, 114 herrialdetan Lehen Hezkuntzarako irakasleren premian daude (bakarrik Afrikarako milioi bat irakasle behar dira).
Egunotan hezkuntzaren aldeko ekitaldiak egiten dihardute Bilbon, Donostian eta baita Eibarren ere. Horiek antolatzen HAMA arduratu da, baina hainbat elkarteren laguntza jaso du (tartean Eibarko Egoaizia GKE-rena) eta aurpegi ezagun askok ere bat egin dute kanpainarekin (besteak beste Maider Unda eta Unai Basurko kirolariek eta Goenkale-ko Eriz Alberdi eta Naiara Arnedo aktoreek). Eibarren, Asier Serrano idazle eta abeslariarekin batera, Aldatze Ikastetxeko ikasle eta irakasleek bihar (eguena, hilak 25) aterako dute aldarrikapena kalera, Untzagan 12.00etan hasiko den ekitaldian. Kanpainaren gaineko informazio guztia www.cme-espana.org helbidean eskuratu daiteke.