Munduko Futbol Txapelketako finala ikusteko pantaila erraldoia ipiniko dute Untzagan

Domekan jokatuko den partiduaren emanaldia 21:00etan hasiko da.
Munduko Futbol Txapelketako finala ikusteko pantaila erraldoia ipiniko dute Untzagan
2026/07/15 16:11
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko Udalak pantaila erraldoia jarriko du domekan (uztailak19) Untzaga plazan, herritarrek Munduko Futbol Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko aukera izan dezaten, “eta Espainiako selekzioko kapitainetako bat den Mikel Oyarzabal eibartarraren ondoan egon daitezen”. Emanaldia 21:00etan hasiko da, eta Espainiaren aurkaria Ingalaterrak eta Argentinak gaur jokatuko duten finalerdiko irabazlea izango da.

Udaletik adierazi dutenez, “hitzordua, gainera, Mikel Oyarzabalen une bikainean dator. Izan ere, eibartarrak bost gol egin ditu dagoeneko Munduko Txapelketan, protagonista nagusietako bat bihurtuta. Atzo (martitzena) Frantziaren aurka jokatutako finalaurrekoan, aurrelari eibartarrak penalti bat jaurti eta gola eginez ireki zuen markagailua, Espainia final handirako sailkatu zuen 2-0 emaitzarekin amaituko zen garaipena bideratuta”.

Jon Iraola Eibarko alkateak dei egin die herritarrei topaketa honetan parte hartzeko eta kirolaz haratago doan une bat partekatzeko. “Mikelek ezin hobeto irudikatzen ditu herri gisa hainbeste identifikatzen gaituzten balioak: esfortzua, konpromisoa eta apaltasuna. Eibartar guztion maitasuna sentitzea nahi dugu hain gau berezian. Beraz, eibartar guztiak gonbidatzen ditugu Untzaga betetzera, finaleko zirrara elkarrekin bizitzeko eta herri hau berarekin dagoela erakusteko”.