Munduko mendikateek Eibarren egingo dute bat Mendi Jardunaldietan

Datorren astean ikus-entzunezkoak eskainiko dituzte Mendi Tour-en bitartez eta martxoan topaketak, hitzaldiak eta irteerak egingo dira.
Munduko mendikateek Eibarren egingo dute bat Mendi Jardunaldietan
2026/02/13 13:17
eta kitto!

Mendiz inguratuta bizi gara Eibarren eta ezinbestean jarri gara beti mendira begira. Bertan ibiltzeko ohitura oso errotuta dago gure artean eta, ingurukoak nahikoa ez eta beste latitude batzuetakoak ere zapaldu ditugu. Abentura gose horrek beste abenturazale batzuk ezagutzera eraman gaitu eta datozen asteotan euren istorioak ezagutzeko aukera izango dugu Eibarko Klub Deportiboak antolatzen dituen Mendi Jardunaldietan.

 

Bueltan dira Eibarko Mendi Jardunaldiak. Otsailaren 17tik martxoaren 29ra arte mendia izango da protagonista eta hainbat ekintza prestatu dituzte horretarako. Otsailean zehar mendia ardatz dituzten ikus-entzunezko lanak izango dira nagusi eta, martxoan, mendi topaketen, hitzaldien eta irteeren txanda iritsiko da.

Egitarauari hasiera emateko, Mendi Tour zikloa izango dugu, Mendifilm jaialdi arrakastatsuaren ikus-entzunezkorik onenak jasoz. Bi saio egingo dira, hilaren 17an eta 19an, 18:30ean, Coliseo antzokian, eta sarreren prezioa 5 eurokoa izango da. Coliseoko leihatilan edo Kutxabanken erosi daitezke, baina doan lortu nahi izanez gero, egun bakoitzerako sarrera bikoitzen zozketan sartu zaitezkete.

Lehenengo egunean, 17an, ‘Izarren zaunka’, ‘Into altai’ eta ‘Best day ever’ lanak emango dituzte. ‘Izarren zaunka’ dokumentalaren nazioarteko estreinaldia izango da eta Txindokin irekitako bide berri baten aitzakian, bi lagunen barne-bidaia kontatzen da, min kronikoak eta antsietatea parez pare jarrita. ‘Into altai’-k Mongoliako Tavan Bogd mendigunera eramango gaitu, eskian eta snowboardean, sakratuak eta urrun diren tontorren bila. Eta ‘Best day ever’-ek mendiko txirrindularitza egokitua jarriko du erdigunean, komunitatearen indarra eta ahalduntzea ardatz.

Bigarren egunean, hasteko, ‘Cantos y flores’ lana emango dute, non Karina Carsoliok hildako anaiarekin partekatzen zuen ametsa nola burutzen duen kontatzen duen: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendi ikonikoak ahalik eta azkarren igotzea eta jaistea. ‘The road we never rode’ lanean agure batek Zeelanda Berrian zehar bizikletaz nola bidaiatzen duen amestuko du, oroimenaren eta damuen inguruko gogoeta poetikoan. Eta ‘K2 Mon Amour’-ek Liv Sansoz eta Zer Rochek 2024an egin zuten balentria erakutsiko du: K2 mendira igotzea eta gailurretik parapentean elkarrekin hegan egitea.

 

Abenturazaleekin solasaldiak

Zinematik harago, martxoak mendiko ahots propioak ekarriko ditu. Martxoaren 3an, 19:00etan, Portalean, Mikel Zabalzak 'Himalaia estilo alpinoan' ikus-entzunezkoa eta solasaldia eskainiko du. Iruñeko alpinista entzutetsuak Himalaiako sei, zazpi eta zortzimilakoetan estilo alpinoan bizitako esperientziak partekatuko ditu. 

Martxoaren 10ean, 19:00etan, hau ere doan, Mattin Iñiguezek Red Bull X-Alps lasterketan bizitakoa kontatuko du Portalean. Hamabi egunez Alpeetan barrena, oinez eta hegan, 60 kilometro eta 3.000 metroko desnibel positiboa egunero. Mendiko lasterketa eta parapentea uztartzen dituen muturreko erronka da.

Botak jantzi

Mendiaren inguruko jardunaldiak izanik, irteerak ezin dira falta. Lehenengoa Negutraila izango da, martxoaren 1ean, eta gonbidatu berezia izango dugu ibilbidea egiteko: Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalaria. Irteera 08:30ean izango da, Deporreko ataritik, eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da. Bi ibilbide egiteko aukera emango dute, eta Kalamua Korrikalari Taldekoek Azkorbebeitiari bidean zehar galderak egiteko aukera luzatu dute.

Martxoaren 15ean, Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira, Emakumeen Ibilaldia egingo da. Depor paretik irtengo dira, 10:00etan, Eibar inguruan ibiliko dira, eta Depor tabernan mokadutxoa hartzen amaituko dute. “Hiru orduko buelta lasaia izango da”, antolatzaileek diotenez, eta jai giroan egiteko asmoa dute, “elkarrekin sortzen dugun energia sentitzeko”, natura lagun izanda urrutiago iristeko aliantzak sortuz. Parte-hartzea librea izango da, baina aurretik izena ematea eskatzen dute.

Mendi Jardunaldien egitarauarekin amaitzeko, martxoaren 29an, txoriak ezagutzeko eta ikusteko irteera egingo da Asier Sarasua biologoak gidatuta. 09:00etan irtengo dira Urkizuko iturritik, eta handik Santa Kurutz arteko bidean hegaztien kantuak bereizten irakatsiko du. Prismatikoak eramatea ezinbestekoa izango da.