Musika, antzerkia eta dantza izango dira udazkeneko protagonistak Eibarren

Eibarko Udalak urte amaiera arteko programazio kulturala aurkeztu du, kontzertu, antzerki, dantza eta jaialdi anitzekin. Coliseoa, Errebal plaza, Portalea eta Toribio Etxeberria kalea izango dira jardueren agertoki nagusiak.
Musika, antzerkia eta dantza izango dira udazkeneko protagonistak Eibarren
2025/09/18 13:32
eta kitto!

Datozen hilabeteetan Eibarren izango den kultura eskaintza aurkeztu dute ostegun honetan Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultur zinegotziak. Irailetik abendura bitarte kontzertuak, jaialdiak, erakusketak eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Coliseoan Errebal plazan, Portalean edo Toribio Etxebarria kalean. 

Musika
Cielito Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu: irailaren 19an eta urriaren 5ean Toribio Etxebarria kalean, urriaren 26an Coliseoan, eta azaroaren 22ko gauerdian ohiko Santa Zeziliaren Serenata joko dute. Azkenik, abenduaren 14an Gabonetako kontzertua eskainiko dute Coliseoan.


Usartza Txistulari Banda ere izango da protagonista: irailaren 29an Agiñagako San Miguel jaiak girotuko ditu, eta urriaren 19an kontzertua eskainiko du. azaroaren 22ko Santa Zeziliako kalejiran parte hartuko du, baita San Andres egunekoan ere (azaroak 30). Urtea ixteko, abenduaren 24ko Gabonetako kontzertua emango du.


Coliseoan nazioarteko zein bertako artistak izango dira. Texasetik, Martha Fields trobadoreak joko du. Azaroaren 30ean, Anna Dukkek eta Euskelga taldeak izango dira taula gainean.  Era berean, azaroak bi lan aurkeztuko dira: Xabier Badiola eibartarrak bere lehen bakarkako lana aurkeztuko du azaroaren 21ean, eta Bea Asurmendik azaroaren 1ean ‘Asteartea’ diskoa aurkeztuko du.

Antzerkia eta dantza
Udazken honetan antzerkia eta dantza protagonista izango dira Eibarren: urriaren 24an, Gabriel Arestiri buruzko lana taularatuko da Kandido Uranga eta Inaxio Tolosa aktoreen eskutik, haren heriotzaren 50. urteurrena ardatz hartuta; azaroaren 14an, Indubio konpainiak Juicio al extranjero eskainiko du, Albert Camusen eleberrian oinarritua; eta abenduaren 5ean, La Mapatxa Teatroak El lenguaje de las flores estreinatuko du (elebitan egindako komedia bat). 

Dantzari lotuta ere eskaintza zabala izango da: urriaren 31n Lasala konpainiak bere '10 urte ikuskizuna' aurkeztuko du, eta haurrek aukera izango dute Hika Teatroaren 'Atearen bestaldean' lana zein Citt Tolosa Txotxongilo taldearen emanaldia ikusteko.


Erakusketak
Portalean ikusgai izango dira Javier Balda, Ibon Aranberri, Jon Ibala eta Euskal Akuarelarien Elkartearen lanak. Halaber, urriaren 24tik azaroaren 16ra Indalezio Ojanguren XXXVIII. Argazki-Lehiaketa egingo da, eta azaroaren 23tik 29ra EXFIBAR 2024. 
Ohiko lehiaketak ere antolatuko dira, besteak beste, Indalezio Ojanguren Argazki-Lehiaketa, Aire Zabaleko Pintura-Lehiaketa, Asier Errasti Film Laburren Jaialdia eta kartel-lehiaketak.

Jaialdiak
Irailaren 13an ospatu zen MIKA Fest jaialdia Coliseoan eta Errebalen, kultura korearra plazaratuz. Aldi berean, Legarreko parkean E.M.G.E. Fest egin zen, hainbat talde alternatiboren parte-hartzearekin. Urriaren 3an, Errebal plazan, Bertso-saio musikatua izango da bertsolari gazteekin.