Musika egarria asetzeko moduko kontzertuak

Musika egarria asetzeko moduko kontzertuak
2014/09/07 00:00
eta kitto!

Jaixak Herrixak Herrixandakok antolatuta, Ernai, Sortu, Eibarko Sare, Bizimina eta Eibar Rugbi Taldearen laguntzarekin, Arrate egunaren bezperarako egitaraua goizetik hasiko da: domekan goizeko 11.00etan Arratera igo nahi dutenak Eibarko Bizikleta Plazan ("Galerosen") batuko dira eta eguerditik aurrera, 13.00ean trikipoteoa hasiko da. Geroago, 15.00ak aldera, zelaian bertan herri bazkaria hasiko da eta iluntzeko 20.00etan, berriz, kontzertuen txanda ailegatuko da, gaur egun benetan arrakastatsuak diren hiru talderekin: Los Zopilotes Txirriaos, Zea Mays eta Las Tea Party. Bata bestearen atzetik, mundu guztia kantuan eta dantzan ipintzeko prest igoko dira oholtzara. Argi ibili, antolatzaileek hasiera ordua aurreratu dutelako (hasiera batean 21.00etan hastekoak ziren) eta puntual hasiko direla azpimarratu dute.
Nafarroko rantxerak
Karrerilla hartuta ailegatuko dira Los Zopilotes Txirriaos taldekoak Arratera, udan han eta hemen kontzertuak ematen ibili eta gero, asteburu honetan egunero emanaldia izango dute: gaur Ziordiko jaietan, bihar Bakedanon eta etzi Arraten joko dute. Sasoi batean Kojon Prieto eta Los Huajalotes taldeak egiten zuenaren bidetik, hauek ere napar-mex erako musika jorratzen dute. Taldeak eskaintzen duen musikaren sustraietan Mexiko aldeko rantxerak daude, baina horiek "Nafarroako ardo goxoz busti" eta gero, nahasketaren emaitza "kantu alai eta festazaleak" direla diote. Zopilotes Txirrriaos taldeak disko berria kaleratu du, "Salutxita", eta lana osatzen duten abestiak zuzenean entzuteko aukera paregabea izango dute Arratera igotzera animatzen direnek.
Zea Mays
Hiriburuz hiruburu hasitako bira txikian areto guztiak betetzea lortu eta gero, Zea Mays talde bilbotarrak bere lan berria ezagutzera emateko birarekin aurrera jarraitzen du: "Da", taldearen estudioko zazpigarren diskoa, hamairu abestirekin osatutako lana. Taldeak berak argitaratu du lan berria bere zigiluarekin eta 'Era' (Bonberenea Ekintzak) disketxearen babesean kaleratu zuten diskoaren jarraipen modukoa dela esan daiteke. Azken lanetan bezala, Jose Lastra izan da estudioko soinu teknikaria, baino honakoan, lehen aldiz, ekoizle bat izan dute grabazio saioetan: Dave M. Allen musikari eta teknikaria. Bera arduratu da diskoaren nahasketaz, Londreseko Club Ralph estudioetan.
Las Tea Party Dj's
Musika elektronikoaren munduan luzaroan bakarka ibili eta gero, Las Tea Party Dj's musika proiektu berria 2010. urtean sortu zen Eva Gutierrez (La Cuisine) eta Lorea Argarate (Flow) batzean. Musika oso anitza eskaintzen duen bikotea osatu dute (Funkya, Electroswing, Drum n' Bass, Dubstep, Moombahton, Moombahcore, el Brostep…) eta, beraz, ez zaie zaila egingo zelaian batutako guztien gustuak asetzeko moduko saioa eskaintzea.