Musika eskaintza zabala Arraten
Aurten ere ez da musikarik faltako Arrateko jaietan. Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak eta Eibarko Udalak antolaturiko egitarauaren barnean, inguruko zein Euskal Herriko talde ezberdinak izango ditugu zelaian.
Kontzertuez gain, 'Zelaian, jai elektronikoa' antolatu du bigarren urtez Udalak Olabeko kanpan. Arratsaldeko seiretatik goizeko laurak bitarte izango da hori. Hainbat dj-k hartuko dute parte: Unai Santos b2b Julen Oru, Txima, Jon Malax, Ima, Jon Larrañaga eta Anomaliak.
XIBEROOTS
2017an Zuberoan sorturiko talde ospetsua da Xibe- roots. Euskal Herria eta euskara reggaearen bidez hedatzeko asmoz abiatu zuen ibilbidea taldeak. Musikari bakoitzaren eraginari esker, musika estilo propioa lortu du taldeak. Hainbat dira ezagunak diren kan- tuak, 'Bizitza', 'Aska' edota 'Maule muffin', adibidez.
Begirada kritiko eta konprometitua dute euren kantetan. Gaur egungo gizartearekin loturiko gaiak jorratzen dituzte, migrazioa, konfinamendua, politikariak edota preso politikoak, esaterako. Begiak zabaldu eta bihotzak piztu nahi ditu Xiberoots taldeak, kultura ospatu eta sekula besoak apaldu gabe.
Erritmo dantzagarriz beteriko hirugarren diskoa kaleratu dute berriki: “Zer agitüko”. “Bihotzeko oihu bat” da hirugarren diskoa, “bizitzaren, erresistentziaren eta esperantzaren goraipatze bat”.
ELEKTROKELA
Herri ekimen batetik sortu zen Altsasuko elektrotxaranga da Elektrokela. Behin herriko festetan jotzeko hainbat musikari elkartu ostean, horietako batzuek proiektuarekin aurrera egiteko asmoa izan zuten. 2020ko udan hasi ziren 'Elektrokela elektrotxaranga' izenpean kalerik kale giro ona zabaltzen. Ordutik bost urte daramatzate jotzen. Gaur egun Altsasuko, Bakaikuko, Etxarriko eta Lakuntzako bederatzi musikarik osatzen dute taldea: Ekain Alegre (gitarra), Luken Goikoetxea (Baxua), Amaiur Goikoetxea (ahotsa), Jesus Palop (ahotsa), Irune Guinea (saxofoia), Xabi Zubieta (tronboia), Iñaki Cerezo (trompeta), Oihan Goikoetxea (bonboa) eta Hodei Alegre (kaxa eta txapak).
BEGIBIDE ERROMERIA
Azken urrian sortutako talde ermuarra da Begibide. Musika eskolan jaio zen bost lagunek osatutako taldea. Bertan entsaiatu eta abestiak egiten zituzten, ondoren eskolako ekitaldietan abesteko. Urrian eman zuten erromeria sortzeko pausoa eta martxoan lehenengo kontzertua. Ordutik hainbat kontzertu eman dituzte. Erromeriaz gain, akustikoak ere eskaintzen dituzte. Talde berria bada ere, gutxinaka gutxinaka hazten dabiltzala diote, gauza berriak sartzen eta publikoa irabazten. Honakoak dira taldeko kideak: Iraia Sarasua (gitarra eta ahotsa), Ekaitz Prieto (ahotsa, bibolina eta trikitia), Gorane Sampedro (gitarra), Maria Vivian (baxua) eta Jokin Lugarizaristi (bateria).