Musika eta dantza Eibarko San Juan Suaren inguruan

Eibarko Udal Dantza Akademiak eta Eibarko Musika Bandak hartu zuten parte atzoko San Juan Suan, aurtengo omenduekin batera.
2025/06/24 12:14
eta kitto!

Urtero bezala, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta, San Juan Sua egin zen atzo, San Juan bezpera. Herriko hainbat lagun eta erakunde omendu zituzte eta, aurretik, Eibarko Udal Dantza Akademiakoek dantzak egin zituzten suaren lehen txinpartak pizteko. Aurten, berritasun moduan, Eibarko Musika Bandak San Juan ereserkia eskaini du Untzagako harmailetan bildutako jendearentzat.

Ereserkiak eta dantzek emandako momentu hunkigarrien ondoren, sua pizteko ordua iritsiko zen eta, horretarako, aurtengo omenduek edukiko zuten ardura: 25 urte bete dituen Kokein taldeak, 90 urte egin dituen Eibarko Txistulari Bandak, 40 urte bete dituen Udal Euskaltegiak, aurten laga gaituen Dioni Kortinaren senideek, 50 urte bete dituzten Aspacek eta Gure Bastarra elkarte gastronomikoak, eta 20 urte egin dituen Deparkel elkarteak.

Gauean Lisker taldearen dantzaldia hartu zuen Untzaga plazak, eta asko hurbildu ziren Eibarko taldearekin gorputzak astintzera.

Ekitaldi guztien jarraipena gure INSTAGRAMeko kontuan egin dezakezu, zuzeneko irudien eta laburpen bideoen bitartez, eta baita Facebook-en ere.