Musika hizkuntza ikasteko metodo interaktibo berria aurkeztu du Musika Eskolak

Musika hizkuntza ikasteko metodo interaktibo berria aurkeztu du Musika Eskolak
2019/05/07 19:16
eta kitto!
Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasketa-proiektuaren baitan, musika hizkuntza ikasi nahi dutenentzat aulavirtualmusica.com izeneko metodo interaktiboa eskaintzen hasi direla azaldu dute gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Hizkuntza musikala eta koroen irakaslea den Elena Martinek, Roge Astigarraga hizkuntza musikaleko irakasleak, Markos Juaristi zuzendari pedagogikoak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak egin duten aurkezpenean esan dutenez, “musika hizkuntzarako metodo interaktiboa lau unitatek osatzen dute, ikastaro bakoitzeko 20 unitate didaktiko dira eta bost atal unitateko”. Eibarko Musika Eskola metodo hau euskeraz erabiltzen aitzindaria izan da: “Orain arte, Eskolan bertan prestatu eta editatutako liburu pedagogikoak erabili dira musika hizkuntza irakasteko, metodologia tradizionalak oinarri modura hartuta, baina gaur egungo premietara egokitzeko asmoz, Udalak bi pantaila interaktibo handi erosi ditu, ikasleek sistema berri honekin ikasteko aukera izan dezaten”.IMG_6936

Sistema berria Lehen Hezkuntzako haurrei nahiz helduei zuzenduta dago eta orain arte oso harrera ona izan duela diote: “Ikasleek klaserako testu liburua izango dute, euskeraz, pentagramadun liburuxka eta guzti, eta, horrez gain, edozein gailu erabilita interneten sartzeko lizentzia, horrela musika hezkuntzako ikasketetan nahi beste sakondu ahal izateko. Besteak beste, programa honi esker klasean landutako edukiak berrikusteko aukera ere badago”.IMG_6943

Esan dutenez, lehen urte honetan modu esperimentalean ari dira erabiltzen, “baina lanean dihardugu lehenbailehen programa oso-osorik euskeraz erabili ahal izateko”. Horrez gain, sistema berriak abantaila ugari dituela azpimarratu dute: “Besteak beste, ikasleak modu interaktiboan jardun dezake ikasten, programak eskaintzen dituen joko ugarietan lehiatzen den bitartean. Horrela, ikasle gehienentzat nahiko astuna den musika hizkuntza ikastea askoz ere erakargarriagoa egingo zaie. Horrekin batera, irakasleak klasetik kanpo ikasleak egiten duen lana kontrolatzeko aukera dauka. Eta, gainera, sistema honek ikasketa pertsonalizatua ahalbidetzen du”.

musika 2 musika 1