Musikaz beteko ditugu San Juan jai guztiak
Gaur bertan emango zaie hasiera San Juan jaietan egongo diren musika emanaldiei. Jaiak ezin dira ulertu musika barik eta egunero izango dugu estilo askotako doinuak entzuteko aukera. Txosnaguneko emanaldien berri 28. eta 29. orrialdeetan dugu, eta hemen duzue gainontzeko ikuskizunen zerrenda.
Gorenean hasiko ditugu Sanjuanetako ospakizunak gaur bertan. Izan ere, punta-puntako musikariak edukiko ditugu Untzagan, 21:30etik aurrera. Batetik, herriko kuttunak: Kokein. 25 urteko ibilbidea ospatzeko, euren herrian dena emateko prest. Eta eibartarren ondoren, Süne. ‘Huntza’ taldean aldapan gora bidea egin duen Josune Arakistainen proiektua gurera etorriko da, Lasturretik zuzenean, trikiti doinuak techno gogorrenarekin uztartuz.
Bihar, 19:00etan, Sanjuanetan gure kaleetan ohikoak diren Afrika Baj Yay taldeko lagunekin kalejira egingo dugu, gauerako prestatzen joateko. Izan ere, 23:00etan, Seguridad Social talde mitikoa izango dugu Untzagan, batek baino gehiagok bidean galdutako tximak astindu ahal izateko. Ondoren, DJ saioa egongo da 00:45ean.
San Juan jaiak eztanda egin aurretik, domekan, 20:00etan, Shirley Davies soularen erreginak kontzertua emango du Untzagan.
San Juan bezperan
Hilaren 23an, txupinazoaren aurretik, Usartza Txistulari Bandak Sanjuanetako Zortzikoa eskainiko du 11:00etan, eta kuadrillak biltzen direnean, 12:00etan, Ustekabek Sanjuanetako bere agendari emango dio hasiera. Izan ere, horrez gain, 15:30ean kalejira eskainiko du, eta Nagusien eta Txikien Danborradetan ere lagunduko du.
Txupinazoaren ondoren, 19:00etan, plan lasaiago bat eskainiko dute Karmengo elizan, San Andres Parrokiako abesbatzak salbea abestuko baitu. Gorputza astindu nahi dutenek, ostera, Irulitxa fanfarrearekin izango dute zita, 19:30ean hasiko baitute kalejira Untzagatik.
Gauean, 23:30ean, San Juan ereserkia eskaini eta sua piztu aurretik, Eibarko Musika Bandak kalejira hasiko du, 22:30ean, Estaziño kaletik. Eta, nola ez, gauari erritmoa jartzeko, Liskerrek ohiko emanaldia eskainiko du 00:15etik 04:00etara.
San Juan egunean
Asteleheneko biharamuna kendu ondoren, eta 12:00etan kalejira egin eta gero, 12:45ean Eibarko Musika Bandak San Juan Kontzertua eskainiko du Toribio Etxebarria kalean (euria eginez gero, Errebalen).
Arratsaldea DJ Xaibor-en dantzaldiarekin hasiko dugu 18:00etan, Zuloagatarren kalean. Eta 20:00etan, Latuna Bando fanfarreak kalejira eskainiko du Eibarko Bizikleta Plazatik abiatuta.
Gauean bi saio izango ditugu. Batetik, 22:00etan, erromeria egongo da Untzagan Jainaga eta Narbaizaren eskutik; eta bestetik, 00:15etik 03:00etara, Jamaica Show taldeak berbena eskainiko du.
Zine doinuak 25ean
Hilaren 25ean musika saio bakarra izango dugu, baina ez da nolanahikoa izango. 22:00etan Eibarko Musika Bandak ‘Once upon a time in Untzaga’ saioa eskainiko du, western estilo pelikulen irudiak ikusten ditugun bitartean, euren soinu-bandak joz.
Tabernetako saioak
Musika kalean gozatzeaz gain, tabernetan ere edukiko dugu aukera. Horrela, ZaiZoi tabernan egitarau betea prestatu dute egun hauetarako. Gaur Mise En Abyme eta Obego egongo dira, zapatuan Swamp eta Take, eta astelehenean Kvalvika eta Lukiek. Kontzertuak 19:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira (alderantzizko sarrera ezarriko dute, hau da, bakoitzaren borondatearen arabera).
Beleko tabernan ere hiru saio eskainiko dituzte, doan horiek ere. Gaur techno gaua egongo da Javier Ganuza eta Pirataren eskutik, astelehenean Jon Malax eta All Night Long egongo dira musika jartzen, eta 24an Unai Santos. Demaseko erritmoa edukiko dugu Sanjuanetan.