NAGORE OTAZUA: “Garrantzitsua da gazteek zalantzak argitzea euren sexualitatea modu erosoan bizi ahal izateko”
Andretxean sexu-aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute 10 eta 25 urte bitartekoentzat (biak barne). Nagore Otazua sexologoa arduratzen da zerbitzu profesionala eskaintzeaz eta doako arreta ematen du eguenetan, hamabost egunero, 17:00etatik 19:00etara. Hitzordua eskatu behar da eta, horretarako, 688 853 440 zenbakira deitu edo WhatsApp mezua bidali daiteke, ala bestela andretxea@eibar.eus helbidera idatzi.
AndretxeaSEX zerbitzua Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikastetxeetan eskaintzen den Hezkuntza afektibo-sexualeko programari lotuta dago, eta horren bitartez ume, nerabe zein gazteentzako sexu orientazioa, aholkularitza eta akonpainamendu arduratsua eskaini nahi dute.
Nolako zerbitzua eskaintzen duzue AndretxeaSEX-en?
Gazteentzako aholkularitza sexual profesionala da. Sexualitatearekin lotuta sortzen diren nahasteak argitzeko gaude identitateen, orientazioaren, desioaren edota harremanen inguruan. Horren gainean berba egiteko, komentatzeko edo zalantzak argitzeko aukera eskaintzea da helburua.
Bakarkako zitak izaten dira ala lagun batek baino gehiagok hartu dezake parte zita berean?
Bakarrik, bikotean edo gehienez hirukotean etortzeko aukera dago. Hiru lagunetik gora arreta emateko aukera nahastu egiten da pixka bat.
Konfidentzialtasuna bermatzen da, ezta?
Bai, guztiz. Bertan egiten dituzten galderak, partekatzen dituzten zalantzak eta kezkak, edo dena delakoa, anonimoak eta pribatuak dira.
Zerbitzua jaso nahi duen norbaitek zer egin beharko luke jaso ahal izateko?
Etortzeko prozesu erraza jarraitu behar da, hitzordu bitartez funtzionatzen dugulako. Telefonoz deitu ala WhatsAppa edo e-maila idatzi dezakete, baina batzuetan bat-batean erabaki dezakete hona etortzea eta Andretxean bertan euren eskaria jasoko genuke.
Zergatik izan daiteke garrantzitsua zerbitzu hau jasotzea 10etik 25 urtera arteko gazteentzat?
Sexualitateari dagokionez, adin tarte horretan gugan aldaketa gehien ematen den sasoia da. Heldua izanda, agian, beste aukera batzuk ditugu edo beste erabaki batzuk hartu ditzakegu informazioa bilatzeko, baina gazteek ez dute hainbeste baliabide eta eurei aukerak erraztea da asmoa. Zalantzak badituzte, garrantzitsua izango litzateke horiek argitzea euren sexualitatea modu erosoan bizi ahal izateko. Sexualitateak eskaintzen duen aniztasun guztia kontuan izanda, ahalik eta modurik erosoenean bizitzea da asmoa.
15 urteko aldea dago adin tarte horretan. Kezkak, zalantzak eta jakin-minak ezberdinak izango dira adin ezberdinetako gazteen artean, ezta?
Bai, noski. 10 urtekoak oso txikiak eta gazteak direla pentsa dezakegu, baina kontuan izanda sexualitatearekin jaiotzen garela eta hil arte izango dugula, agian galderak ezberdinak izango dira, baina badituzte horren inguruko galderak.
Zeintzuk dira gazteek dituzten galdera edo kontsulta nagusienak?
“Gauza hau eta bestea nola egiten da?”, “Zer gertatzen da hau egiten badut?”, “Noiz hasi ahal naiz ‘ez dakit zer’ egiten?”… Gero eta gazteagoak izan, genitalekin eta praktika sexual batzuekin lotzen diren galderak egiten dituzte gehienbat. Nagusitzen diren heinean bikoteak agertzen dira, desioa beste modu batean azaltzen da, gustatzen zaiona beste forma bat hartzen doa… Sexualitatea bizitzeko modua aldatzen doa etagalderak harremanekin, zeloekin, kontrolarekin eta abarrekin lotzen dira gehiago.
Sexu-harremanez gain, identitatearen inguruan ere galderak egiten dituzte edo hausnartzen dute?
Bai. Sexualitatearen barruan dagoen espektro oso eta zabalaz jarduten dugu eurekin: identitateak, adierazpen formak, orientazioa, desioa, desio horiek nola jartzen ditugun praktikan eta nola partekatzen ditugun,plazerra, harremanak…
Norbait zerbitzua jasotzera badator, ohikoena zita bat baino gehiago edukitzea da edo bakarrarekin nahikoa izaten da?
Kasuaren araberakoa izango da. Egia da, batzuetan, ekartzen duten galdera eslogan moduko bat izaten dela eta galdera horren atzean egoten dela benetako galdera edo zalantza. Hemen laguntzeko gaude, beraz, lehenengo zita egin eta gero badago jarraitzeko aukera.
Hezkuntza zentroekin elkarlanean ari zarete?
Bai. Sexu-hezkuntza eskaintzen dugu eta, mailaren arabera, generoaren inguruan ere jarduten dugu.
Zentzu horretan, nola ikusten dituzu gaur egungo gazteak?
Oso gaztetatik helduen ideiak dituztela ikusten dut. Adibidez, “zer uste duzue dela sexualitatea?”, galdetzen diet LH6-ko ikasleei, eta jiji-jaja, sexu-praktiketan eta genitaletan zentratzen dira, pornoa agertzen da, bortxaketa, prostituzioa… Hortik doaz denbora guztian eta ikuspuntua zabaltzen saiatzen gara. Bai, hori sexualitatearen barruan egon daiteke, baina beste gauza asko daude: “Norekin nahi dut hori egin?”, “gustatzen zait?”, “bera nirekin gustora dago?”… Sexu-hezkuntzan ideiekin eta hausnarketekin egiten dugu lan. Ez dugu esaten “hau horrela da eta beste hau horrela”, baizik eta orientatu eta ideiak argitzen ditugu. Eurek hausnartzea da gakoa.
Pornoa aipatu duzu. Orain horrelako edukietarako sarbidea errazagoa da eta horrek eragin gehiago dauka gazteen sexu hezkuntzan?
Teknologia gizakiak baino azkarrago doa eta bai, pornoa kontsumitzeko irisgarritasuna handiagoa da gaur egun. Era berean, sexualitatea genitalekin eta sexu-praktika jakin batzuekin bakarrik lotzen badugu, logika horri jarraituz, ez da hain arraroa sexualitatea bortxaketarekin, pornografiarekin edo prostituzioarekin lotzea, genitalak eta penetrazioa daudelako. Gure ideia ikuspuntua zabaltzea da. Ikustea bortxaketa bat ez dela sexu-harreman bat, ezta harremana ere.
Zuek eskaintzen duzuen zerbitzuak eta horrelako ekintzek gazteengan eragina dutela ikusten duzue?
Eragina dute, baina era berean beste aldean dagoenak indar handia du: mugikorrak, Internet… Ahal duguna egiten dugu eta heltzen garen tokira heltzen gara. Hau guztia ikasgai moduan landu beharko litzateke hezkuntza zentroetan. Denbora guztian ari dira hainbat mezu jasotzen eta gu ikuspuntua zabaltzen saiatzen gara, baina LH6-n lanketa bat egin dezakezu eta hurrengo urtean, eurekin berriz egoterakoan, DBH1-en, berriz lehengo mezu horiekin dabiltzala ikusten duzu. Beste alde batetik, gazteen pentsatzeko moduak geroz eta polarizatuago daudela sumatzen dut. Alde batetik, ideia progresistagoak ikusten ditut; baina beste alde batetik, ideia atzerakoiak ari naiz ikusten. Mutil batzuengan emakumeenganako gorroto antzeko bat ari da sortzen. Komunikabide, TikToker eta YouTuber batzuek igortzen duten mezuek eragina dute eurengan. Emakumeen aurkako mezuak izaten dira eta oso komentario gogorrak entzun izan ditut. Gaur egun, adibidez, familia tradizionala izatea da apurtzaileena, atzerakoia izatea da punkyena. Pentsatzen dut egoera hori lasaitzen joango dela eta neurria hartuko zaiola, baina momentu honetan horrela gaude.