Nagusien Danborrada 22:00etan irtengo da Untzagatik, Ustekabe txarangarekin batera kalejira egiteko

Aurreko eguenean aurkeztu zituzten sanjuanetako danborrada biak antolatzaileek, karrozan joango diren haur eta nagusiekin batera, Izarra elkarte gastronomikoan egindako afari-meriendan.
Nagusien Danborrada 22:00etan irtengo da Untzagatik, Ustekabe txarangarekin batera kalejira egiteko
2025/06/23 09:16
eta kitto!

Gaur gauean egingo den Nagusien Danborradak iazko ordutegiari jarraituko dio aurten ere: 22:00etan hasiko da, Untzagan (harmailen aldeko plazan), Marruko kanoiaren salbaren ostean pare bat pieza bertan jo eta gero. Ibilbidea betikoa izango da eta, urteroko martxan, Calbetonetik Urkizura bitartean hainbat aldiz geratzen joango dira. Orain arte Eibarko Musika Bandak laguntzen zien ibilbide osoan zehar, baina aurten ez da hala izango, umeak bezala, aurten lehen aldiz helduak ere Ustekabe txarangaren laguntza izango dute eta. Bestela, iaz bezala Danborrada udaletxe pareko plazara gauerdian sartzea dago aurreikusita, Alardea bertan eskaintzeko. Guztira 250 bat lagunek hartuko dute parte, betiko konpainia edo taldeetan banatuta (Gastadoreak, Tradizionalak, Betikuak, Eskoziarrak, San Andres eta Amuategi). Urteroko pieza ezagunak joko dituzte, baina melodia berri bat gehitu diote errepertorioari: Gaueko ibillerak
Umeen danborrada, berriz, Urkizun hasiko da bihar, 19:00etan. Parte hartzera animatzen diren umeak urtetik urtera gutxiago direla ikusita, antolatzaileak arduratuta dabiltza azken urteotan, eta ikastetxe zein gurasoei dei egin nahi diete, ea horrela datorren urtean ume gehiago animatzen den. Aurten Eibarko bost ikastetxetako ehun ume arituko dira danborrarekin jo eta su. 

Gureak lantegikoak joango dira karrozan
Eta, jakina, danborrada bietan karroza aterako dute. Aurten Gureak lantegikoak gonbidatu dituzte bertara igotzera, lantegiaren 50. urteurrena ospatzeko. Eibarko Udal Dibujo Eskolakoek, Ane Ferrer eta Leire Kareaga irakasleek apaindu dute karroza. Eta Danborradarako pin-a ere Leire Kareagak diseinatu du, beti ere Danborradaren aurtengo omenduak zeintzuk diren kontuan hartuta.