Nagusien danborradan joko dituzten kantuak Eibarko Musika Bandarekin batera entseatu dituzte
Aste honetan egin dituzte azken entseguak aurtengo sanjuanetako bi danborradetan parte hartuko duten haur eta helduek, apirilaz geroztik astero entseguak egiten ibili eta gero. Aurten 96 urte beteko dituen San Juan bezperako danborradak berritasun bat baino gehiago izango du, baina garrantzitsuena irteera-ordua aurreratu dutela da: 22:00etan hasiko da, gauerdia pasatuta amaitzeko.
Aurtengo helduen danborrada Untzagako beste plazan, harmailen aldean hasiko da, udaletxeko plazan egongo den Marruko kanoiarekin salba bota eta jarraian. Bertan Diana eta Idiarena joko dituzte, eta Hau dek hau piezaren erritmora hasiko dute kalejira, 22:15ean. Betiko ibilbideari jarraituko diote aurten ere, eta beti bezala bidean geratzen joango dira. Calbetonetik Urkizura bitartean, lehen geldialdia San Andres elizan egingo dute, eta Urkizurako bidean Mutriku Herria, Himno Urnieta, Tatiago (San Agustin) eta Praskuarena joko dituzte. Behin Urkizura ailegatzen direnean, atsedenaldi txiki bat egingo dute, eta 23:00ak inguruan, Diana txikiaren ondoren, kalejiran irtengo dira berriz ere, Hau dek hau kantuarekin. Arragueta Kalian eta Tatiago jo eta gero, Errebalen Polka eta Retreta joko dituzte, eta Praskuarena kantuarekin jarraituko dute, Toribio Etxebarria kaleruntz. Bertan Eibarko Martxa (Alperrak elkarteari eskainitakoa) eta Debako Martxa eskaini eta gero, Untzagarako bidea hartuko dute, Praskuarena jotzen duten bitartean. Udaletexe pareko plazara gauerdian sartzea dago aurreikusita, Eibarko Musika Bandarekin batera, 00:00etan San Juan Himnoa eskaintzeko. Eta, alkateak Diana zuzendu ondoren, azken piezak joko dituzte: Donostiako Martxa, Kosakos del Kazan, Konparsa de viejas eta Pantxika. 00:30ean Marrukoren kanoikada bigarren bota eta, Tatiagorekin amaituko dute.