Naia Torrealdai: “Liburuak ez du zentzurik ez bada plazara ateratzen eta bertan hitz egiten diren gauzak eztabaidatzen”
Liburuan eztabaidarako apologia egiten duzu eta Eibarren liburuaren inguruko solasaldia egiteko aukera izango duzu. Nolako garrantzia dute horrelako espazioek?
Oinarrizkoak dira. Liburu hau idazteko behar berezirik ez nuen, baina banuen premia azken urteotan mugimendu feministan eta herri mugimenduetan eman diren aldaketen eta ezinegonen inguruan jarduteko, ez garelako gai izan horiek eztabaidara eramateko. Eztabaidaren zilegitasuna zentroan jartzea nahiko nuke. Hortik dator eztabaidaren apologia hori, ez minetatik edo errespetua faltatzetik. Gatazkatsuak edo korapilatsuak egiten zaizkigun gauzak gure artean berba egiteak eta eztabaidak berak mugimendua, begirada eta ideologia bera aberasten dute. Niretzat liburuak ez du zentzurik ez bada plazara ateratzen eta bertan hitz egiten diren gauzak eztabaidatzen, baita nik neuk neure buruarekin ere, begirada aldatu ahal zaidalako.
Zergatik pentsatzen duzu ez direla eman eztabaida horiek mugimendu feministaren barruan?
Mugimendu feministak gorakada izan du azken hamarkadan, batez ere greba feministen inguruan, eta oso lotuak egon gara gutasun horri eustera. Azken finean, beste aldean dagoen guztia (kapitala, patriarkatua... eta horri eusten dieten mekanismo instituzionalak, ekonomikoak, ideologikoak...) hain da handia, gutasun horri eta aliantzei eusteko beharra izan dugula. Gutasunak sortzearen, gure artean minimo komuna eraiki eta horrekin kalera indartsu ateratzearen aldekoa izan naiz beti, baina egia da momentu batean ez dugula jakin ezberdintzen zein den eztabaida zilegia (gure posizionamendua eta borroka aberasteko beharrezkoak diren eztabaidak, adibidez) eta zeintzuk diren zatikatzen gaituzten eztabaidak. Horri heldu behar diogu lehenik eta behin, eta biktimismoetatik haratago gure posizioak ikusi eta gure artean hitz egin: feminismoa nola aldatu den, zein feminismo berri dagoen, zerk balio digun, zerk ez, zertara goazen... Gure barruan feminismo asko edo anitzak ahal dira izan, eta horrekin guztiarekin minimo komun berriak topatzearen ideiak. Bidean zentzu hori galdu dugu, eta erpinetan edo beldurrean geratu gara gotortuta. Apurketak izateko beldurra eta eztabaida eza egon da, eta azkenean gauza batzuk ez eztabaidatzeak apurketak ekarri ditu. Hori ekiditeko asmoz, oreka bilatzearen aldeko apustua egiten da.
Eztabaida batzuk aztertu dituzu eta korapilo batzuk izendatu. Zeintzuk dira gaur egunean bizirik dauden korapilo nagusiak?
Nik tabuak esaten diet, ez ditugulako jorratu edo oso leku txikietatik jorratu ditugulako. Momentu honetan, transfeminismoaren eztabaida izan daiteke gai bat. Azken urteotan transfobiaren gorakada oso bizia ikusi da, oso bortitza eta antolatua (orain dela astebete koordinadora bat osatu dute abolizionista eta transfoboa, adibidez). Mugimendu feministan transfeminismoak gorputzen materialtasunari egiten dion ekarpena eta hori praktika politikoan txertatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, baina oso teoria potentea da eta genealogia oso luze batetik datozen feministek ere behar dugu edo dute horrelako espazio bat, ekarpenak nondik datozen ikusteko, nola ulertzen den... Horretaz guztiaz eztabaidatzea zilegia da, kategoria eta subjektu politiko horretaz historikoki eztabaidatu izan dugulako. Gertatu izan zaigu, baita ere, transfobiak horrelako espazio handia sortu duela edo espazio horren bozgorailuarekin hauspotutakoa izan dela, asko entzun zaielako, mikroa jarri baitzaie batzuei morboa ematen dielako zatiketaren izenean horrelako zerbait eraikitzea. Horrek eragin duena da zilegia den eztabaida hori alde batera uztea eta kalera marra gorriekin irtetea. Euskal Herriko Mugimendu Feminista ez da transfoboa, trans pertsonak subjektuak dira gure mugimenduan, baina hori ez da transfeminismoak egiten duen ekarpen bakarra, ez da bakarrik esatea trans pertsonak existitzen direla, baizik eta bestelako kosmobisio eta teoria oso bat dagoela. Gaur egun, hori bada eztabaidatu beharreko zerbait.
Eta zer gehiago?
Indarkeria matxistaren alorrean, denbora nahikoa daramagu zaintza lanen eta ekonomia biolentoaren inguruan teorizatzen. Greba feminista egin genuen eta hor eztabaida oso potenteak eman ziren: gizonak bai? ez? non?... Baina denari ezin diogu heldu, garenak garelako, eta indarkeria matxistaren inguruko hausnarketak jokoz kanpo laga ditugu. Hor ez dut korapiloa ikusten bere horretan, baina indarkeria matxistari heldu behar diogu, ulertuz ardurak non dauden. Izan ere, bere sasoian ardurak banatzeko beharra ikusten genuen, baina gaur egun ikusten dugu protokoloak nola lantzen diren, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak nork artatzen dituen, zelan, nondik... Eta ikusten dugu ardura eremu mistoetan militatzen dutenen feministen eskuetan gelditzen dela, horrek sortzen duen ezinegon, pisu eta berme gutxiarekin, emakume horiek ezin dutelako hori guztia artatu. Horregatik ikusten dugu komunitatea feministatzeko beharra, erasoak artatzeko eta hori guztia modu feministago batean egiteko. Horrekin lotzen da sareetan dagoen biolentzia. Ez bakarrik sareetan kaleetan dagoen biolentzia erreproduzitzen delako, baizik eta sareetan biolentzia espezifikoa dagoelako, biolentzia antifeminista. Zentzu horretan, tresna berriak sortu dira, adibidez ‘Denuncias Euskal Herria’, horrek ematen dituen aukera eta oztopoekin. Horretaz ere hitz egin behar dugu, orokorrean mugimendu feministako taldeak ez gaudelako sareetan, ez dugu aktibismo hori egiten.
“Amaieratik hasi” dio liburuaren izenburuak. Zer esan nahi duzu horrekin?
Izenburua idazteko orduan, demaseko joera dut mugimendu feministaren lelo historikoak pentsatzeko eta ez nuen ezer ostu nahi. Ideia batzuk islatu nahi nituen. Adibidez, azpitituluan agertzen den bezala, ‘Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma’ ideia. Hau da, feminismoa badela guztia aldatzeko paradigma, ez dela bakarrik balore multzo bat ordezkatzen duen ideologia. Hori ere bada, baina egitura ekonomiko, sozial, politiko eta kultural berriak proposatzen dituen ideologia edo praktika politikoa da. Horrekin bueltaka nenbilen. Eta bestetik, Iratzar fundazioak hainbestetan esaten duenari heldu nahi nion: desesperantzaren eta alternatiba ezaren sasoia dela, eta amaiera oso gertu dugunaren sentsazioa dugula. Gainera, orain, bat-batean, III. Mundu Gerran sartzen ari garela dirudi. Beraz, islatu nahi nuen agian badatorrela amaiera bat, baina amaiera hori batzuetan baliogarria egin ahal zaigula. Horretan nenbilela, ‘Izaki gardenak’ entzuten negoen eta “Amaieratik hasi, dena aldatzeko”, esaten dute eurek, eta hain zuzen ere hori zen nik esan nahi nuena. Hau da, amaieratik hastea bi zentzutan: zerbaiten amaiera datorrela onartzen dugu (ez da zertan munduaren amaiera izan, agian kapitalismoaren amaiera da) eta hortik goazen hastera beste zerbait sortzen gure terminoetan; eta bestetik, gure helburua edo utopia hori amaieratzat hartzen badugu, goazen pentsatzera nondik hasiko garen horra heltzeko.