Naroa Ariznabarreta eta beste lau gazteak ez dira epaiketara aurkeztu

Naroa Ariznabarreta eta beste lau gazteak ez dira epaiketara aurkeztu
2013/02/22 00:00
eta kitto!

2007an Jarrai-Haika-Segi auzia salatzeko A-8 autobidea moztu zuten 5 gazte, tartean Naroa Ariznabarreta eibartarra atzo (eguena, hilak 21) Donostian epaitzekoak ziren, baina gazteak ez ziren epaiketara aurkeztu eta, horren ordez, epaitegiaren kanpoaldean jarraian oso osorik irakur dezakezuen komunikatua irakurri zuten honen guztiaren inguruko euren jarrera eta iritzia azaltzeko:

ERASO GUZTIEN GAINETIK EUSKAL GAZTERIA LIBRE ETA LEGALA
2007an auzitegi gorenak, Jarrai-Haika-Segi talde terrorista izendatzeko arriskuaren aurrean aurkitu ginen, euskal gazteria jopuntuan ipiniz. Errepresioaren kolpeak helburu argiak zituen, 30 urte hauetan, herri honen motorra den gazteria kikildu eta neutralizatzeko asmo osoa baitzuten. Determinazio osoz, berriz ere, espainiar estatuaren erasoei aurre egin genien, euskal herriko kaleak hartu genituen, jakin bagenekielako horrelako sententziak ondorio zuzenak edukiko zituela, bai euskal herriko askapen borrokan eta bai euskal gazterian.
Horregatik, konpromezuz eta borrokaz,herriz herri martxan zeuden borrokekin jarraitzeaz gain, manifestazio, asanblada, ekimenak... burutu ziren. Horietako ekimen bat,  A-8an kateatuz berau moztea izan zen.
Desobedientzia zibileko ekimen horregaitik, gaur 5 gazte epaituak izango gara Donostiako epaitegian. 12 urte ta erdiko kartzela zigorra ezarri nahi digute guztira, 30 hilabeteko kartzela zigorra ezarriz bakoitzari. Gaur, epaituak izango garen gazteok, orduan salatu genuen bezala, berriz ere errepikatzen dugu, argi eta ozen, espainiar salbuespen entzutegia, salbuespen politiken aplikatzailea dela.
Jarrai-Haika-Segi terrorista deklaratzeak, 2007tik aurrera euskal gazteriaren aurka 8 sarekada baino gehiago, 150 gazte baino gehiagoren atxilotzea, torturatzea eta espetxeratzea ekarri du.
Horren ondorio da baita ere, azken hilabeteotako euskal gazteriaren kontra aplikatu den errepresio dinamika.
Abenduaren 18an Auzitegi Gorenak Oreretako bost gazteren aurkako espetxe zigorra berretsi zuen Segiko kide izatea leporatuta. Horietako hiruk, Anzak, Linazasorok eta Lujanbiok, ezkutatzeko erabakia hartu zuten eta Urtarrilaren 19an, Eleak mugimenduak deituriko manifestazioaren ostean Ertzaintzak atxilotu zituen .
Kale borroka ekintza batean parte hartzea egotzita, lau urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuten Ekaitz de Iberok, urtarrilaren 22an jaso zuen  espetxeratze agindua biltzen duen gutuna eta uko egin zion bere kabuz espetxean aurkezteari. Otsailaren 13tik,  Espainiako Auzitegi Gorenak hamabost gazte donostiarri (tartean Ekaitz de Ibero bera) Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatearen akusaziopean ezarritako sei urteko kartzela zigorra berresteko arriskuan daude. Otsailaren 17, 18 eta 19an epaitu dituzte, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Aitor Torrea, David Urdin, Iñigo Gulina eta Iñaki Torrea gazte burlatarrak. Fiskalak 53 urteko espetxe zigorraren eskara mantendu du, hauetariko bi gazte ez dira agertu eta epaileak beraien kontrako atxilotze agindua eman du.
Baina eraso guztien gainetik, gazteriak antolatzen eta borrokatzen jarraitzen dugu, eta orduan bezala, gaur ere borrokatzeak merezi duela uste dugu. Beraz, euskal gazteriari eta herri osoari  dei egiten diogu hemendik aurrera, antolatzen, eztabaidatzen, hausnartzen, eraikitzen, zirikatzen eta borrokatzen jarrai dezan. Dana dugu irabazteko! Euskal Herria dugu irabazteko! Eta lortuko dugu!
Gaurkoan ere, desobedientzia zibilaren aldeko hautua hartu dugu, inolako epaitegik, euskal gazteria epaitu eta zigortzeko zilegitasunik ez duelako. Horregaitik epaiketa honen aurrean ere planto egiten dugu! 2007an egin bezala, gure eskuetan ditugun tresnak baliatuz, egunerokotasuneko lanarekin, herrian, auzoan, lantegian...Euskal Herria eraikitzen jarraituko dugu. Inork eta ezerk ez gaitu geldituko. Eskubide zibil eta politikoen alde borrokan jarraituko dugu.
Gora euskal gazteria libre eta legala! Jo Ta Ke! Irabazi arte!