Naroa, Uxue eta Fernando Solana: “Telefono mugikorrarekin alderatuz, argazkiak kamerarekin egitea beste kontu bat da”

Argazkilaritza da Solana aita-alaben pasioa eta, gainera, bikain ari dira horretan
2025/10/20 12:57
eta kitto!

Nerea Solana Dominguez izan da 8 eta 16 urte arteko parte-hartzaileen artean irabazlea XXXVIII. Indalecio Ojanguren argazkilaritza sarietan. ‘El beso’ da bere argazkiaren izenburua, baina, Fernando aitak esan digunez, Uxue ahizparekin batera ateratako argazkia izan da. Kontua da, biek jaso dutela aitak argazkilaritzarekiko duen pasioa.

Bikiak dira Nerea eta Uxue, eta argazki-kamera berdina daramate soinean, Kodak txuri bat. Fernandok, aitak, esperientzia gehiago du argazkilaritzan (Deporreko argazkilaritza batzordeko presidentea da) eta Canon markako makina ekarri du gurera. Argazkilaritzarako ezinbestekoa da kamera edukitzea, baina garrantzitsuena argazkilariaren begia eta trebezia dira.

 

Indalecio Ojanguren argazki-lehiaketan saria jaso duzue. Nola hartu duzue? Ezustean harrapatu zaituzte?

UXUE: Pozik hartu dugu.

NEREA: Oso pozik gaude. Argazkilaritza asko gustatzen zaigu eta horrelako sari bat jasotzea oso garrantzitsua da guretzat.

Jasotzen duzuen lehen saria da?

NEREA: Niretzat bai.

FERNANDO. Uxuek irabazi du zerbait aurretik, Eibarren egiten den argazki-rally batean.

‘El beso’ da argazkiaren izenburua. Zer ikusi daiteke bertan?

UXUE: Pixka bat kasualitatez egin genuen argazkia. Jolasten geunden eta Nereak argazkian ikusten den elizaren kupula bakarrik nahi zuen atera, baina ni aurrean nengoen eta, kupula atera nahi zuenez, kamera mugitu eta horrela atera zen argazkia.

FERNANDO: Argazkian bikotea eta zuhaitza agertzea txiripazko zerbait izan zen, berak eguzkia eta kupula atera nahi zituelako. Erdi-jolasean, beste enkoadroaketa bat lortu zuen, erakutsi zigun eta polita iruditu zitzaidan. Potentziala ikusi nion argazkiari, zerbait irabazi zezakeela pentsatu nuen.

Izan ere, argazkian bikote bat musukatzen ikusi daiteke eta pentsa daiteke nahita dagoela hor jarrita.

FERNANDO: Hainbat gauza elkartu ziren momentu berean, kasualitatez. Zortea eduki behar da. Batez ere konposizioari eta argiei dagokienez, gauza asko elkartu ziren une berean.

Argazkia egin eta gero, nolakoa izan zen edizio-lana?

FERNANDO: Argien eta zeruaren parametroak pixka bat moldatu nituen, baina argazkiak ez zuen edizio-lan askorik eskatu. Ia-ia atera bezala aurkeztu genuen argazkia.

Eurek argazkia egiten ari ziren bitartean, aholkuak eman zenizkien?

FERNANDO: Argazki-kamera laga nien eta beste gauza batzuetan nenbilen, ez nengoen euren argazkiari oso adi. Euren kabuz gauzak egitea nahi nuen, jolastea. Badakite zerbait.

Aitak esan du berehala ikusi ziola potentziala argazkiari. Zuek ere horrela sentitu zenuten?

BIEK: Bai.

NEREA: Normalean ez ditugu horrelako kasualitateak izaten eta polita izan zen hori horrela ematea.

Fernando, zuk parte hartu duzu aurtengo Indalecio Ojanguren lehiaketan?

FERNANDO: Aurten ez. Iaz bai eta ez nuen ezer lortu. Parte hartzera animatu ditut herriko lehiaketa delako, eta nik neuk ere egin beharko nuke, garrantzitsua baita horrelako lehiaketetan parte hartzea.

Sariarekin zer egingo duzue?

UXUE: Oraindik ez dakigu.

FERNANDO: Bazkariren bat egin beharko dugu ba!

Nabari da argazkilaritzarekiko pasioa transmititu diezula alabei, baina zu, Fernando, noiz hasi zinen argazkilaritzan?

FERNANDO: Eurak jaio zirenean hasi nintzen serioago. Argazki-kamera erosi eta familiako argazkiak egiten hasi nintzen. Gero, argazki artistikoagoekin edo landuagoekin, orain dela bost edo sei urte hasi nintzen. Hasierako argazkiak momentuak gogoratzeko ziren, beste barik. Euren kasuan, argazki-rallyetan parte hartzen hasi ziren eta argazki-kamerak erosi genizkien, eta hor dabiltza.

Zuei beti gustatu izan zaizue argazkilaritza?

UXUE: Aitaren kamerarekin jolasean hasi ginen eta azkenean zaletasuna garatzen joan gara.

Aipatu dituzuen argazki-rally horiek nolakoak izaten dira?

NEREA: Gai batzuk zehazten dituzte eta horren inguruko argazkiak egin behar dituzu denbora jakin batean.

Argazki saritua Tolosan (Frantzia) dago eginda. Normalean, bidaiatzen duzuenean, argazkiak egiteko ohitura duzue?

UXUE: Bai, normalean paisaiak ateratzen ditugu, baita monumentuak ere, baina pertsonak ez ditugu ateratzen.

Eta bestela, egunerokoan, argazkiak egiteko ohitura duzue?

UXUE: Ez, normalean bidaietan bakarrik egiten ditugu. Baita rallyetan ere.

FERNANDO: Nik bai, noizbehinka. Hirietara joateko ohitura dut, kale-argazkilaritza gustatzen zaidalako: hirietako bizitza, jendea... Paisaiak ateratzea ere gero eta gehiago gustatzen zait. Momentuan dudan umorearen arabera gauza bat edo bestea egiten dut.

Argazkiak egitetik zer gustatzen zaizue gehien?

UXUE: Argazkiak gordetzea oso ondo dago gero bidaiak gogoratzeko. Bestetik, telefono mugikorrarekin alderatuz, argazkiak kamerarekin egitea beste kontu bat da, oso ondo irteten dira.

Argazkiak egiten ikasten da gehien agian, baina hortaz aparte, argazkilaritzaren inguruan irakurtzen duzue, gehiago formatzen zarete...?

FERNANDO: Etxean gazteei zuzendutako argazkilaritza-liburuak ditugu eta, noizbehinka, YouTuben tutorial batzuk ikusten ditugu. Akuilu lana egiten dut (barreak).

NEREA: Bai, argazkiak egiteko forma ezberdinak erakusten dizkigu, teknika ezberdinak... Iaz, adibidez, konposizio triangeluarra zer den ikasi genuen. Hau da, hiru puntu berdin jartzea triangeluaren forma eginez eta rallyan hori egiten saiatu ginen.

Argazkiak egiteko orduan, estilo jakin bat duzuela esango zenukete?

FERNANDO: Nik ez daukat estilo definitu bat. Nire bidea bilatzen ari naiz oraindik.

UXUE ETA NEREA: Guk ere ez dugu estilo jakinik.

Argazkilaritzaren munduan bide profesionala garatuko duzue ala zaletasun moduan bakarrik ikusten duzue?

UXUE: Nik zaletasun bezala ikusten du argazkilaritza.

FERNANDO: Nire adinarekin, baita nik ere (barreak). Pentsatzen dut eurentzat oso zaletasun polita izango dela. Izan ere, gauza ezberdinak lantzen dituzu eta, gainera, toki ezberdinetan (txango bat egiten, mendian, hirian...). Aukera asko daude zaletasun hau lantzeko eta argazkilaritza beste jarduera batzuen gehigarria izan daiteke.