Nerea Alias, Ika Mizka saioetako aurkezlea: "Miresten duzun jendearekin hausnarketa egiteko aukera gutxi dago"
- Aurtengoa Ika Mizkan parte hartzen duzun lehen aldia da?
Bai lehen aldiz dihardut honetan, iazko edizioan umea izan berri harrapatu ninduten eta ezetz erantzun behar izan nien, baina aurten denboraz hobeto nagoenez berehala eman nuen baiezkoa eta lehen saioa egin dugu, aurreko astean Ordizian, eta oso esperientzia polita izan zen. Eibarkoa bigarren saioa izango da. Ni gaztea izanda ere, gazteagoa, 18-20 bat urte izango banitu, parean horrelako saioetan parte hartzeko aukera suertatuz gero ez nuke zalantza izpirik izango, duda barik parte hartuko nuke, gutxitan izaten delako miresten duzun jendearekin batera horrelako hausnarketak egiteko aukera. Azken batean mahainguruetan parte hartzen duten aurpegi ezagunak sarritan erreferentzia dira gazteentzat eta, alde horretatik begiratuta ere, aukera paregabea dela uste dut. Oso giro polita sortu zen aurrekoan, sinplea baina era berean sakona.
- Nolako saioak dira?
Nik aurkezpen moduko bat egiten diet gazteei, baina mahai gainera aterako dituzten gaiak ez ditut nik azaltzen, horretarako pertsonaia ezagunekin grabatutako bideoa proiektatzen diegu eta horien gogoetak eta zuzenean kamerari botatako galderak dira gazteen solasaldietarako abiapuntua.
- Ordiziako saioan nolako kontuak azaldu ziren?
Anekdota txiki asko irtetzen joan ziren. Adibidez, jende ezezagunarekin lehen berba euskeraz egitea zenbat kostatzen zaigun komentatu zen, edo nola besteei euskeraz ikasteko etenbarik eskatzen diegun arren, euskeraz dakigunok gero erderara nola jotzen dugun… Euskeraren egoera hobetzeko asmoz saioetan autoanalisi modukoa egiten dela esan dezakegu.
- Helburuetako bat gazteak euskeraz berba egiteak duen garrantziaz ohartaraztea, kontzientzia piztea da. Horren premia dago?
Inguruaren arabera egoera aldatu egiten da, toki batzuetan errazago egiten da euskeraz eta beste batzuetan erderara gehiago jotzen da. Edozein modutan ere, etorkizuna gazteak dira eta datuek argi azatzen dute horien %90k edo gehiagok euskeraz badakitela, beraz arazoa erabilera da. Hogei laguneko koadrilan denek euskeraz jakinda ere zergatik egiten dute berba gazteleraz? Salbuespenak salbuespen, euskerak gaur egun nahiko egoera ona bizi du, baina gazteei dagokie horri eustea edo, ahal dela, egoerak hobera egiteko pausoak ematea. Orain dagoena lortzeko ahalegin handia egin da eta pena litzateke atzera egitea.