Nerea Ariznabarreta: “Gauza askok beldurra ematen digute ez ditugulako ezagutzen”
Mamuki lanarekin irabazi dute Maite Rosende ilustratzaileak eta Nerea Ariznabarreta aktore eta ipuin-kontalariak aurtengo Etxepare album ilustratuen saria. Bikotea Galtzagorri elkarteak antolatzen duen Bikoteka tailerrean elkartu ondoren abiatu zuten proiektua, beste 30 lanen artean Etxepare sarietan eurena aukeratu arte.
Ohituta gaude Nerea Ariznabarreta oholtza gainean ikustera. Urteak daramatza aktore eta ipuin-kontalari bezala lanean, eta Mamuki albumarekin bere arteak beste esparru batzuk ere maisuki lantzen dituela erakutsi du. Irribarrea ahotik kendu ezinda dago Etxepare saria jaso ondoren.
Zuretzat zer izan da Etxepare saria jasotzea?
Demaseko sorpresa izan da saria jasotzea, eta oso ona! Galtzagorrik antolatzen duen Bikoteka tailerrean sartzeko zortea izan genuen eta, lana garatzen joan garen neurrian, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso bezalako gidariak izan ditugu alboan. Tailerrean zortzi bikote geunden eta besteen lanak oso onak ziren. Orduan, edonork irabazi dezakeela pentsatzen duzu. Batzuetan ez da gertatzen zure lanarekin oso seguru egotea eta besteen lanak hobeak direla iruditzen zaizu. Adibidez, ikastaroa egin bitartean Pamiela argitaletxekoak etorri ziren hitzaldia ematera, eta autoedizioa nola egin galdetu nien. Izan ere, Etxepare saria beste norbaitek irabaziko zuela pentsatzen nuen, eta, gure proiektua polita geratzen ari zenez, autoedizioa nola egin pentsatzen hasi nintzen.
Beraz, orain bai ikusiko du argia zuen lanak, ezta?
Etxepare sariari esker Mamuki argitaratuko dugu Pamiela-Kalandraka argitaletxearekin. Urriaren erdialdean irtengo da. Udan albuma pixka bat doitu beharko dugu. Zenbait gomendio zituztela esan ziguten, albumari azken ukituak emateko, eta horretan ibiliko gara inprentara bidali aurretik. Tirada nahiko handia egingo dutela esan digute, 1.200 ale inguru.
Jendeak zuen albuma ikusteko gogoa duzu?
Bai, demaseko gogoa. Patxi Zubizarreta idazleak oso hitz politak eskaini zizkigun saria entregatu zigutenean. Oso artefaktu betea zela esan zuen, erritmoa zuela, eta hitzek eta marrazkiek oso ondo egiten zutela bat. Azkenean, album ilustratua horretan datza. Lan handia izan da hitzak kentzea irudia dagoelako, edo hitzen bat gehitzea ez delako ulertzen. Epaimahaikideentzat hori oso garrantzitsua izan zen. Iaz, adibidez, saria hutsik geratu zen, oso ilustrazio eta testu onak izanda ere, ez zutelako elkarlan ona egiten.
Nola sortu zen Mamuki sortzeko ideia eta nola moldatu zarete Maite eta biok elkarlana egiteko?
Mariano Hurtado eta biok ipuin-kontaketa musika- tuak egiten ditugu, eta Durangoko Berbaro elkarteak haurrei zuzendurik ipuin-kontaketa saioa egitea eskatu zigunez, mamuen inguruko istorio bat asmatu genuen. Funtsean, mamu horrek katarroa zuen eta ezin zen Gau Beltzean atera. Ideia gustatu zitzaigun eta, Jokin Azpiazu eta Ibon Egaña lagunekin berbetan, Ibon haur literaturan aditua izanik, Bikoteka tailerrean izena ematera animatu gintuzten. Ikastaro horren bitartez, album ilustratuak egiten ikasi eta Etxepare sarietara maila batekin iristea bermatu zuten. Kontua zen ez genuela ilustratzailerik ezagutzen. Marianok Ainara Axpi ezagutzen zuen, baina oso lanpetuta zegoen. Hori bai, Ainarak esan zigun gure ipuina nahiko naifa zela eta Maite Rosende aproposa ikusten zuela ilustrazioak egiteko. Egun gutxi geratzen ziren izena eman ahal izateko eta, Maite ezagutzen ez nuenez, tira, bakarrik aurkeztu nintzen Bikotekara, gero han bikotea jartzen dizutelako. Aukeratu ninduten eta, bikotea nor? Ba hara, Maite Rosende. Sorpresa polita izan zen. Ikastaroa hasi baino lehen elkar ezagutzeko gomendatu ziguten eta, berak Gilda elkartean lan egiten duenez, bertara joan nintzen. Mamuaren ideia asko gustatu zitzaion eta lanketa egiten hasi ginen. Lana txotxongiloekin egiteko prestatuta zegoenez, testu asko zuen eta albumaren formatura egokitu beharra zegoen. Gero, Bikotekan buelta handiagoa eman genion Harkaitz eta Aitziberren laguntzarekin, baita beste lankideekin ere, eta proiektua aldatzen joan zen. Mamuki izenburua jarri genion, ilustrazioak egin genituen, bukaera eman genion eta emaitza honetara iritsi gara. Lana maiatzean aurkeztu genuen.
Normalean eszenatoki gainean ikusi zaitugu, ipuin-kontalari zein aktore lanetan. Nola moldatu zara horrelako lan bat egiteko? Bazenuen eskarmenturik?
Idazten ibili izan naiz, ipuinak kontatzerako orduan moldaketak egiten ditudalako, baina egia da hau guztia berria izan dela niretzat. Izan ere, gorputzetik egiten dut lan lehenik, eta testua gero etortzen da. Egia da, hala ere, azken aldian Kepa Errastirekin ibili naizela lanean, eta berak testutik jotzen duela asko. Orduan, muskulua egiten ibili naiz, baina bai, niretzat arlo berria da.
Labur-labur, zer kontatu daiteke Mamuki albumari buruz?
Mamuki katarroa duen mamua da. Gau Beltza da, eta, katarroa duenez, ezin da haurrak beldurtzera irten, eta demaseko pena du. Izan ere, sustoak ematea eta jasotzea ikaragarri gustatzen zaio. Lagunak bisitan joaten zaizkio, baina ez diote onik egiten. Izan ere, lagunak beldurraren munduko beste pertsonaiak dira (banpiroak, zonbiak…) eta ez dute sendatzeko baliabiderik. Umorea sortzen da hor. Maite artista hutsa da, eta oso marrazki naifak egin ditu. Barrea eragiten dute ilustrazioek. Gainera, dena Mamukiren gelan gertatzen da, ilustrazioz ilustrazio gelako elementuak aldatzen dira eta barne-jolasak daude txakurrarekin, beste istorio bat sortuz. Bestalde, hitzek errima dute. Testua oso laburra da ,eta errimarekin jolasten dugu. Ipuin-kontaketetan asko igartzen dut errimak erabiliz umeek segituan harrapatzen edo errepikatzen dutela esandakoa.
Askotan esaten da umeek estimulu piloa dituztela inguruan, teknologia berrietan murgiltzen direla, baina oraindik ere ikusten dugu ipuinek liluratu egiten dituztela. Zein da ipuinek duten magia?
Irudimenaren esparrua hor dago, eta bizirik jarrai dezala, mesedez. Gauzak imajinatzen hasten zarenean, neuronetan konexio berriak egiten dira eta hori ona da. Estimulu onak dira gizakientzat. Gaur goizean (eguaztenean) Bergaran izan gara ipuinak kontatzen. Ipuinetako bat otso eta txerri banaren ingurukoa zen (batak bestea jan nahi duela, eta abar), eta umeek parte hartzea eskatu dugu. Amaieran ume bat gerturatu zait eta zera galdetu dit: “Otsoa handia zen?”. “Nik handia imajinatu dut, zuk?”, erantzun diot. Ipuinekin sortzen diren munduak dira horiek. Ez dago gure arteko kontaktu zuzenik ezta hitza ordezkatuko duen ezer. Pandemian ere hori ikusi genuen. Zenbateko beharra genuen besteekin elkartzeko, besteak entzuteko eta batak besteari gauzak kontatzeko? Hori ordezkaezina da.
Mamukirekin beldurraren gaia lantzen duzue. Nola?
Haurrekin edozertaz berba egitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Izan ere, eurek edozertaz galdetzen dizute. Umoretik jo dugu beldurraren gaia lantzeko eta gai garrantzitsua dela iruditzen zaigu. “Ez izan beldurrik”, “ez egin negarrik”, esaten zaie umeei sarritan, eta emozioak erreprimitzea ez da kontu ona. Gero harrikoskorrak geratzen zaizkigu, eta terapiak eta horrelakoak egin behar ditugu harrikoskor horiek leuntzeko. Hobe da horrelakoetaz hitz egitea. Beste ipuin kontaketa batean beldur ezberdinei buruz egiten dugu berba, eta haurrei esaten diet euren adinarekin beldur batzuk nituela eta gaur egun beste batzuk ditudala. Orduan, galdetzen diet eurek zein trikimailu erabiltzen duten beldurrari aurre egiteko, eta horren inguruan egiten dugu berba. Gainera, horretaz berba egitea gustatu egiten zaie. Mamuak gustatzen zaizkie, baita Gau Beltza ere. Beldurra pasatzea gustatzen zaie, baina jolasaren barruan dagoenean edo babestuta daudenean. Hor badago erakartzen gaituen zerbait. Horregatik joaten gara etxe misteriotsuetara, eta pelikula beldurgarriak ikusi nahi izaten ditugu, besteak beste. Gauza askok beldurra ematen digute ez ditugulako benetan ezagutzen. Ezjakintasunak beldur handia ematen digu. Kontua da geldirik ez geratzea, beldurrak paralizatu egiten gaituelako. Beldurra gainditzeko modu bat da beldurra ematen digun hori ezagun bihurtzea, gerturatzea. Mamukiren kasuan, bere lana haurrak beldurtzea da, baina katarroa du eta haurrek berarekin enpatizatzen dute. “Ze pena, Mamuki ezin da haurrak beldurtzera joan, ezin gaitu beldurtu”, pentsa dezakete.