NEREA GOMEZ: “Umeena oso publiko zorrotza da”
-‘Lucía la maga’ antzezlana aurkeztuko duzue Hezkuntza Esparruan. Zertan datza ikuskizunak?
Umeendako saio musikala da. Tirano batek bere hiria gobernatzen du eta dena artifiziala da, ezin da amestu… Baina iratxo batzuek Lucía magoari deitzen diote berriz amesteko, ilusioa berreskuratzea, gauzak erreal bihurtzeko, sua berriz existitzeko, ilargia bueltatzeko, eta abar. Mezu positiboa da igorri nahi dena, bai maila ekologikoan, baita ilusioari dagokionean. “Ilusioa badago, konponbidea dago” esaldia asko errepikatzen da saioan. Galtzen ari diren baloreak berreskuratzea da nahia, musika eta magiaren bitartez. Asko gustatzen zait antzezlana, ez bertan lan egiten dudalako, aspaldiko lana baita eta ikusle bezala ere gozatu dudalako.
-Zein da zure papera antzezlanean?
Paper bi ditut. Batetik, iratxoetariko bat naiz. Eta bestetik, ilargia. Azken hau, sua eta haizea bezala, tiranoak gobernatutako hiri horren kartzelan dago. Gero Lucia magoa dator, hiru elementuek zer diren jakiten dute berriz ere eta aske geratzen dira.
-Nola sentitzen zara publiko gaztearen aurrean antzeztean?
Oso gogorra da, oso publiko zorrotza delako. Gustatzen zaie edo ez zaie gustatzen, erdizka ibili barik. Hasieratik ilusio aurpegiarekin engantxatuta ikusten dituzu edo, aspertzen badira, beste gauza batetan jolasten hasten dira. Gustokoa da eszenatoki gainean egon eta umeak adi-adi begira ikustea, gaiztoa irtetzean “eeeez!” oihukatzen dutela entzutea. Ikuskizunean partehartzen dute eta hori gozagarria da. Saioa amaitzean eurekin egoten gara eta oso emozionatuta etortzen dira gurekin argazkiak ateratzera, musuak ematera, berba egitera… Oso polita da.
-Madrilgo konpainia batena da ikuskizuna, baina zu eibartarra zara.
Narruzko Zezenen egon naiz bizitza osoan!
-Zerk eraman zintuen Madrilera?
Urte asko neramatzan Narruzko Zezenen eta antzerkia asko gustatzen zitzaidan. Euskal Herrian lanerako aukera gutxiago dago antzerki munduan eta antzerkigintza ikastera etorri nintzen Madrilera. Eskolan egon eta hainbat konpainiekin lanak egiten hasi nintzen. Gero, gure konpainia propioa sortzea erabaki genuen, egoera nahiko konplikatua zelako eta irtenbide bezala. Orain dela urtebetera arte nagusiendako antzerkiak egiten genituen bakarrik baina orduan umeen saila sortu genuen.
-Berezia da zuretzat Eibarren aritzea?
Bai. Eibarren aritu izan naiz hainbat alditan eta berezia da, baina baita urduritasuna eta erantzunkizuna. Ea jendeari gustatzen zaion. Badakizu nolako harrera izan duen, baina etxean aritzeak erantzunkizun kutsua dauka. Era berean, zure hurbileko jendearen laguntza daukazu, baina eurei gustatzea da nahi dudana.