Nerea Loiola idazle debarra izango da bihar, Harixa Emoten irakurketa saioan

Zazpi ipuinez osatua da Nerea Loiolaren lehen narrazio bilduma, Epizentroa. Gai ugari ukitzen ditu: maitasuna, desioa, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza, nahiak-ardurak-ezinak…
Nerea Loiola idazle debarra izango da bihar, Harixa Emoten irakurketa saioan
2024/04/15 12:55
eta kitto!

“Idazlearekin harixa emoten” irakurle taldearen biharko saioan Nerea Loiola egongo da Epizentroa liburuari buruz berba egiteko. Taldekoek aukera izango dute liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko.

Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean Eibarko Udal Liburutegiak antolatutako jarduera da honako hau.

Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985). Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da, eta Bigarren Hezkuntzako matematikako irakaslea lanbidez.

2018an argitaratu zuen bere lehen liburua haur literaturan, Harri bat poltsikoan; eta 2019an, bigarrena, Azken lanhütarra. Azken urteetan haur eta gazte literaturan kokatu den arren, beste alor batzuk jorratzen ere aritu da: iritzi zutabeak Urola Kostako Hitzan eta helduentzako ipuinak batez ere. Epizentroa da egindako lan horren aurreneko emaitza.

 

Liburuaren sinopsia

Zazpi ipuinez osatua da Nerea Loiolaren lehen narrazio bilduma hau. Gai ugari ukitzen ditu: maitasuna, desioa, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza, nahiak-ardurak-ezinak…

«Hasiera berri batek, benetan berria denean, krisia sortzen du. Benetako edozein aldaketak beldurra sortzen du. Beldurrik ez baduzu, ez da benetako aldaketa». Gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak. Erabakitakoa adierazi, ekin edo norbere burua aldatzearen borondatearen eta borondate hori gauzatzeak dakarren bertigoaren ataka zailean.