Nerea Loiola: “Oso gorputzetik idatzitako istorioak dira, instintiboa izan da”

Epizentroa liburuarekin etorri zaigu Nerea Loiola (Deba, 1985) Eibarrera, Harixa Emoten irakurketa-taldearen apirileko saiora.
Nerea Loiola: “Oso gorputzetik idatzitako istorioak dira, instintiboa izan da”
2024/04/30 12:16
eta kitto!

Helduentzat idatzi duen lehena da zazpi ipuinez osatutako bilduma hau, orain arte haur eta gazteen literaturara dedikatu izan da-eta. Idazle debarrarekin sortze-prozesuaz eta lanak biltzen dituen narrazioez hitz egiteko aukera izan zuten taldeko kideek, Ainhoa Aldazabalen gidaritzapean.

Orain arte haur eta gazteei zuzendutako lanak kaleratu izan dituzu, eta hau da helduentzako lehena. Nola sortu zitzaizun liburua idazteko ideia?
Buruan dudan ideiak forma pixka bat hartzen duenean erabakitzen dut zein publiko motarentzako izango den, eta ez alderantziz. Idazten hasi nintzenean atera zitzaizkidan lehen istorioak gaztetxoenentzako ziren eta hala bideratu nituen. Gero konturatu nintzen banituela kontatu beharreko beste batzuk, helduentzako zirenak, eta horretan jarri nintzen. Hala ere, aitortu behar dut kosta zitzaidala lehen pausoa ematea, hau da, nire buruari permititzea helduentzako izan zitekeen zerbait idaztea; baina, behin atea zeharkatuta, ez dut atzera egingo!


“Epizentroa” izenburupean zazpi istorio bildu dituzu beste batzuen ahotik. Urrun daude zugandik kontakizun hauek?
Kontakizunak eta pertsonaiak nigandik urrun daude kasu gehienetan, baina gertakarien epizentroak nire oso barnean ainguratuta zeudela ohartu nintzen idazten hasi eta berehala. Beharbada, neure buruari zintzotasuna permititzeko zen beharrezkoa distantzia hori.


Zergatik “Epizentroa”?
Lehen aldiz izen bera duen ipuina idazten ari nintzela azaldu zitzaidan hitza, niretzat oso garrantzitsua zen esaldi batean: diafragma da erraietako emozioen epizentroa. 
Idazketa-prozesua bukatu eta liburuaren osotasunari erreparatu nionean, garbi ikusi nuen pertsonaia guztiek bazutela zerbait amankomunean: lurrikara bat gertatzen ari zen beraien bizitzetan edo izandako lurrikara baten erreplikak sentitzen ari ziren. Lurrikara baino hitz egokiagorik dardara eragiten diguten bizipen horietarako?


Zertan inspiratu zara istorio hauek idazteko? Ildo nagusi bat badagoela esango zenuke?
Zaila egiten zait lehen galderari erantzutea, istorio horiek aspalditik nire barnean egon izan balira bezala da; nire bizipenak bere kabuz korapilatu izan balira bezala urteetan irakurritako autore askoren hitzekin.
Ez dago istorio guztiak lotzen dituen haririk. Ipuin bakoitza leku desberdin batetik idatzi dut, espazio autonomo bat eman diot, bere erara izaten eta hazten utzi. Bukaeran, ordea, ikusi dut badagoela pertsonaia guztiek amankomunean duten zerbait (guztiak emakumezkoak izateaz gain), eta erabakiekin du zerikusia zerbait horrek. Liburuaren atzeko azalean esaten den moduan: gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak. 

Zazpi istorioetan emakumea da protagonista. Nahita hartutako erabakia izan da?
Ez eta bai. Hasiera batean ez nuen egiten ari nintzenaren kontzientzia. Laugarren ipuina idazten hasi eta, berriz ere emakume baten ahotsetan nintzela ikustean, gelditu eta horren inguruan pentsatu nuen. Oso gorputzetik idatzitako istorioak dira eta hala behar zuela uste dut, instintiboa izan da.

“Kontatzen dudana ikusi egiten dut”, zure hitzak dira. Zer esan nahi duzu?
Idazterako orduan oso pertsona bisuala naizela, hitzetara eramaten ditudan egoera, eszena, elkarrizketa guztiak benetan gertatuko balira bezala irudikatzen ditut, edo pelikula batean ikusiko banitu bezala. Batzuetan begiak itxita idatzi dezakedala ere esaten dut (ez da egia…). Detaileetara heltzeko nire modua dela uste dut.

Ingeniaritza ikasi eta Matematikako irakaslea izatea ez dira, antza, idazle izatearekin kontrajarriak. Zenbat aldiz galdetu dizute ea nola bukatu duzun idazle izaten?
Oso galdera ohikoa da, jendea harritu egiten da nire ikasketak zein diren jakitean. Niretzat prozesu naturala izan da, literatura beti izan da nire parte bat eta denbora kontua zela uste dut. 

Zertan diharduzu orain? Zer darabilzu eskuartean?
Une honetan gauza dezenterekin nabil. Gaztetxoentzako ESKAPU bildumako hirugarren liburua idazten ari naiz, udazkenean argitaratuko dugu; eta udaberri bukaeran umeentzako ESKAPU TXIKI bilduma jarriko dugu martxan. Gainera, Raul Guerra Garrido beka jaso nuen 2023ko udazkenean, eta helduentzako nire bigarren narrazio-bilduma amaitzen ere banabil. Lanik ez zait falta!  

Zerk eman dizu arreta azkenaldian? Zer ari zara irakurtzen?
Duela gutxi amaitu dut Rafia Zakariaren “Feminismo zuriaren aurka” liburua eta oso gomendagarria iruditzen zait. Une honetan Annie Ernauxen zenbait liburu berrirakurtzen nabil, erreferente bat da niretzat.

Zer dira idazlearentzat Harixa Emoten bezalako irakurketa-taldeak? 
Ezin dut beste idazleen izenean hitz egin, baina niretzat sekulako plazera dira halako tertuliak. Ederra da jakitea idatzi duzun hori norbaitengana iritsi dela, eta irakurleen iritziak eta komentarioak entzutea oso interesgarria da. Poz-pozik joaten naiz!