"Ni ere UEU" kanpaina martxan
Udako Euskal Unibertsitateak Ni ere, UEU kanpaina abiatu du, "erakundeak bizi duen garai gogor honetan, UEU ezagutzera eman eta proiektuarekiko atxikimenduak jasotzeko asmoz". Gogoratuko duzuen moduan, iaz Eusko Jaurlaritzak 1998 urteaz geroztik esleitzen zion diru-laguntza izenduna kendu zion UEUri eta horrek erakundea kinka larrian jarri zuen. Uda bitartean egingo den kanpainan toki garrantzitsua beteko dute sare sozialek eta hainbat aurpegi ezagun bertan ikusteko aukera izango da. Besteak beste Pedro Miguel Etxenike, Juan Mari Arzak, Ilaski Serrano, Kirmen Uribe eta Gorka Otxoak egin dute bat kanpainarekin. Lau bideok osatuko dute kanpainaren bizkarrezurra, bestalde: "Bideo horiek pixkanaka zabaltzen joango gara, hilero bideo bana, eta horien bitartez UEUren ikuspegi desberdinak ezagutzera eman nahi ditugu".
Arduradunen berbetan, "kanpaina bereziki sare sozialetara zuzenduta dago, bai egun duten indarrarengatik, bai daukaten zabalkunde ahalmenagatik eta baita modu berezian jende gaztearengana ailegatu nahi dugulako ere". Jendea parte hartzera animatzeko, gainera, zozketa antolatu dute: Facebook-eko UEUren orrialdean zintzilikatutako bideoak partekatzen dituztenen artean tableta zozketatuko dute. Twitter bidez ere UEUren proiektuaren berri ematen joango direla aurreratu dute, #NiereUEU hashtag-a erabilita.