Non daude gizonak?

Esperientzia Eskolako 20. promozioko ikasleek ‘Elkargunea’ proiektua garatu dute
2025/05/30 11:35
eta kitto!

Ikasturtea amaitu du https://www.ikasten.info/eu/escuela-experiencia-debabarrena.php 20. promozioak. Historian lehen aldiz ez du gizon bakar batek ere izenik eman, eta, hortik abiatuta, ikerketa jarri dute martxan eskolako ikasleek. 60 urtetik gorako gizonezkoek aisialdiko jardueretan duten parte-hartzearen inguruan ikertzeko galdeketak egin, datuak jaso eta ondorioak atera dituzte, ‘Elkargunea’ izeneko proiektua landuz.

 

Cristina Salas eta Ina Urteaga izan dira Esperientzia Eskolako 20. promozioko ikasleetako bi. Aurtengoan 20 emakume egon dira eskolan, baina gizonezkorik ez da izan. Azkeneko urteetan gizonezkoen parte-hartzea nahiko baxua bazen ere, Esperientzia Eskolaren historian lehen aldiz ez da aritu bertan gizonezkorik eta horrek zer pentsatu eman zien 20 emakumeei eskolaren lehen egunetik.

Egoera bitxia bizi izan zuten lehen egun horretan. “Ikasturte hasierako ekitaldian gizon bat agertu zen oso arduratuta eta esanez kanpoan 60 gizon zeudela sartu nahian, ezin zutelako Esperientzia Eskolan parte hartu. Harrituta geratu ginen”, kontatu digu Salasek. Orduan, gelara joan ginen eta berriz ere harritu ziren ikasle guztiak emakumeak zirela ikusterakoan.

Gizonezkoen faltaren gaia hainbatetan aipatu zuten eta, euren artean sortzen ziren galderei erantzuteko asmoz, Esperientzia Eskolakoek urtero garatzen duten proiektua horren inguruan egitea erabaki zuten. Horrela sortu zen ‘Elkargunea’.

Ikerketa sakona

Eva Perez de Albeniz Esperientzia Eskolako koordinatzailearen laguntzarekin (“asko lagundu digu dena bideratzen”, diosku Urteagak), ikerketa jarri zuten martxan. 60 urtetik gorako gizonezkoek aisialdiko jardueretan duten parte-hartzea nolakoa den jakiteko. “Hasteko, beste elkarte edota jardueretan gurean gertatu den gauza bera gertatzen ote den jakin nahi genuen”, azaldu digu Salasek. Horrela, euren inguruko elkarteetan galdetegiak egin zituzten hainbat datu jasotzeko: “Zenbat bazkide diren, emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua, zuzendaritzan ere zenbatekoa den kopurua, nola antolatzen diren, eta euren ekintzetan zenbat emakumezkok eta gizonezkok hartzen duten parte”, zehaztu digute.

Hortik zera atera zuten: “Normalean, emakume gehiago dagoela elkarteetan, baina zuzendaritzan gizonezkoak direla nagusi”, diosku Urteagak. “Eta jardueretan ere, emakumeek hartzen dutela gehiago parte. Teknologiari buruzko ikastaroetan, mendi-ibilaldietan eta abar bai, badaude gizonezko batzuk, baina hala ere gutxiengoa dira”, Salasek dioenez.

Guztira, 16 elkarterengana jo zuten eta, gero, inguruko 90 gizonezkori sei galdera egin zizkieten. “Adibidez, zein gustu dituzten, irakurzaletasuna duten ala ez... galdetu genien”, Urteagaren berbetan. “Hor ere, denek ez ziguten erantzun”, zehazten du. Dena dela, erantzun kopuru nahikoa jaso zuten eta elkarteengandik jasotako datuen osagarri oso baliagarria izan zen.

Ikasturte hasieran ikusitakoarekin eta ikasleen susmoekin bat egin zuten ikerketaren emaitzek: “Gizonezkoek oso gutxi hartzen dute parte aisialdiko jardueretan”, Urteagaren berbetan. “Hori bai, badirudi jakin badakitela gauzak antolatzen direla, baina ez dira parte hartzera animatzen”, zehazten du Salasek.

Esperientzia Eskolan gizonezkoek duten partaidetzari dagokionez, ‘Elkargunea’ proiektua garatu duen taldeak zera uste du: “Pentsatzen dugu gizonezkoek ez dakitela ondo Esperientzia Eskola zer den. Ohiko eskola dela uste dutela dirudi, etxekolanak egin beharko dituztela-edo, baina ez da horrela, inondik inora.

Dena dela, ez dira galdetzera etortzera ausartzen”. Horregatik, eurentzat oso garrantzitsua da emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu ahal izateko ekintzak antolatzea. “Emakumeok pozik gaude gure saltsan, baina gizonezkoen ikuspuntua ere garrantzitsua da. Elkarrekin bagabiltza, aberasgarriagoa izango da denontzat”. Zentzu horretan, “ez dakigu zer egin edo antolatu, baina behintzat orain badakigu nolako interesak dituzten. Ea asmatzen dugun”. Gainera, jaso duten datu mordoa elkarteen eta interesa dutenen esku lagako dute.

 

Ikasturte aberasgarria

‘Elkargunea’ izan da Esperientzia Eskolako 20. promozioak garatu duen proiektua, baina askoz ere gauza gehiago egin dituzte ikasturtean zehar. “Denetarik eduki dugu. Gai asko landu ditugu klasean (literatura, historia, mindfulness, sexologia...), irteerak egin ditugu... Oso jarduera interesgarriak izan dira”, ikasleen hitzetan.

Horrekin guztiarekin, oso pozik geratu dira 20. promozioko ikasleak. “Ikasturtea motza egin zaigu, berehala pasatu da. Oso jende jatorra aurkitu dugu bertan”, Urteagaren berbetan. “Oso pertsona ezberdinak gara gure artean, talde heterogeneoa izan da, baina oso ondo moldatu gara eta lotura berezia sortu da. Oso aberasgarria izan da”, berresten du Salasek. “Eta berriz esango dut, baina gure Evak hara eta hona mugitu gaitu, eta bikaina izan da eman digun guztia, oso eskertuta gaude”, gogoratzen du Urteagak.