Norvegiari eskainitako kultura jardunaldiak aurkeztu dituzte
Gaur (eguena, hilak 10) goizean aurkeztu dituzte udaletxean eibartarrak Norvegiako kulturara gerturatzeko asmoz udalak antolatu dituen jardunaldiak. Norvegiako literatura, argazkilaritza eta musika protagonista dituen egitaraua prestatzeko Norvegiak Bilbon duen Kontsuletxearen eta Norvegiako Kristina Printzesa Fundazioaren laguntza izan du udalak eta martitzenean (urriaren 15an) ekingo zaie jardunaldiei, Juan San Martin Liburutegian 19.00etatik aurrera Lotte Katrine Tollefsen idazleak emango duen Nieve negra, lo que esconde un mundo casi perfecto izenburuko hitzaldiarekin. Hizlariak Norvegiako nobela beltza eta generoa lantzen duten idazleak gerturatuko dizkie bertara joatera animatzen direnei. Hilaren 23an, berriz, Juantxo Balerdi eibartarrak Norvegiari buruz egindako ikus-entzunezkoa emango dute Portalean. Eta hilaren 25ean Portaleko erakusketa aretoan egingo den mahai-ingurua amaitu eta jarraian inauguratuko dute Trygve Indrelid argazkilariak Norvegiako andrazkoei eskainitako lanen erakusketa. Eta 19.30etan The Launderettes taldeak Portalean bertan (areto nagusiak) Getaway lan berria ezagutzera emateko kontzertua emango du.