Nuria Robleño: "Moda gustatzen zaigu eta zerbait ezberdina egitea nahi genuen"

Nuria Robleño: "Moda gustatzen zaigu eta zerbait ezberdina egitea nahi genuen"
2017/03/17 11:28
eta kitto!
Kunama enpresako sortzaileetako bat da Nuria Robleño, eta hortik abiatu da Eco Trendy Weekend ekimena. Gaur arratsaldeko 17:00etan hasi eta domekara arte Bilboko Yimby Street Uribitarten egingo den ekitaldia antolatu du eibartarrak beste hiru kiderekin. Bertan, moda eta dekorazioarekin zerikusia duten ekintzez gain, smoothieak nola egin ikasi eta kaktus bat adoptatzeko aukera egongo da, besteak beste. Tailerretan parte hartzeko, hemen erosi daitezke sarrerak: www.ticketea.com/entradas-curso-eco-trendy-16h/

-Hasiera batean Eco Trendy Weekend asteburuan egiteko asmoa zeneukaten, baina gaur hasiko da azkenean.

Bihar jende asko egongo denez, aperitibo moduan gaur 17:00etan zabaltzea pentsatu dugu. Bihar eta etzi 11:00-21:00 artean egongo da zabalik. Domekako tailerretarako, ticketea.com-en erosi ahal dira sarrerak 11 eurotan.

-Zein tailer egingo dira?

Goizean txanda bat egongo da lau tailerrekin, gure proiektuak direnak. Batetik, ‘Kaktusa adoptatu’ izenekoa, zure kaktusaren loreontzia margotuz. Gero, arropa pertsonalizatzeko tailerra ere egongo da, zuk ekarritako arropa moldatu eta beste bizitza bat emateko. Ondoren, Basque Culinary Centerreko Axel Cerpak smoothies tailerra egingo du, nola egin erakutsi eta bakoitzak zertarako balio duen azalduz. Beste txanda bat egingo da ostean, eta, azkenik, tailer sorpresa edukiko dugu.

-Nondik abiatu da Eco Trendy Weekend ekimena?

Moda gustatzen zaigu eta zerbait ezberdina egitea nahi genuen. Hasierako ideia bigarren eskuko arropa saltzea zen, baina nahiko arrunta ikusi genuen. Orduan, arropa marka bat daukagunez, Aquiver, hori ere proiektuan gehitzea okurritu zitzaigun. Ondoren, dekorazioaren inguruko hainbat kontu atera ziren eta gustatu zitzaizkigun. Adibidez, binilozko diskoetan erlojuak egitea. Hasieran gauza txikia izan behar zen, baina handira jo dugu.

-Handia da egongo zareten tokia (Yimbi Street Uribitarte)?

Ez da oso handia, baina Kale Nagusiaren alboan dago, Bilbo erdian, eta hori da gaur irekitzeko arrazoietako bat.

-Nolako produktuak aurkituko dira?

Bigarren eskuko arropa, poltsa eta osagarriak; Aquiver markako arropa; erlojuak eta bitxiak ere edukiko ditugu: pultserak, lepokoak...

-Gasteizen ere antzeko zerbait antolatu zenuten.

Bai, proba bat izan zen. Bigarren eskuko arropa bakarrik eskaini genuen eta jende asko bildu zen. Atean gelditu behar izan genituen! Orduan, zerbait handiagoa egitea pentsatu genuen. Hiru hilabete eman ditugu dena antolatzen, beste proiektu batzuekin uztartuz, baina lan handia izan da.

-Eibarrera ekartzeko asmoa daukazue?

Pentsatu dugu beste toki batzuetan egitea eta, ni Eibarkoa izanik, zergatik ez? Lehenik, asteburu honetakoa nola irteten den ikusi behar dugu.