Odol-emaileen munduko eguna ospatuko da domekan, ekainaren 14an
Ekainaren 14an, domeka, odol-emaileen munduko eguna ospatzen da, borondatezko emaileei eskerrak emateko eta odola ematearen beharraren inguruan kontzientziatzeko, gaixoen beharrak bermatu ahal izateko. Transfusio bakar batek hiru bizitza salba ditzake. Gipuzkoan, egunero 125 odol-emate behar dira ospitaleen eskariari erantzuteko. Eta biztanleen %75ek odol-emateren bat beharko du bere bizitzan zehar.
Eibarko ordezkaritzatik jakinarazi dute urte amaierara arte programatutako datak hauek direla: uztailaren 9a eta 23a, abuztuaren 6a eta 27a, irailaren 10a eta 24a, urriaren 8a eta 22a, azaroaren 12a eta 26a, eta abenduaren 10a. Untzagako jubilatu etxean egoten dira, 16:50etik 20:50era. Odola emateko txanda hartzeko, gotatanta.eus webgunera jo daiteke edo, bestela, egunean bertan 943007884 telefono zenbakira deitu (08:30etik 13:30era).
Astelehenetik aurrera plasmaferesiak Eibar Ospitalean
Gainera, ekainaren 15etik aurrera, plasmaferesiak egingo dira Eibarko ospitalean. Adierazi dutenez, Euskadin behar den plasmaren erdia baino ez da lortzen, eta jendea animatu nahi dute: 35-40 minutuko prozesua da, eta zain onak izatea, besterik ez da behar. Informazio gehiagorako, 943 007 884 telefono zenbakira deitu edo donacion@donantesdesangre.eus helbidera mezua idatzi daiteke.