Olentzeroren kalejira, erregeen kabalgata eta gabonetako haur parkea bertan behera utzi ditu Udalak
2021/12/16
10:34
eta kitto!
Gaur goizean Eibarko Udalean egindako prentsaurrekoan ezagutzera eman denez, Olentzeroren kalejira eta Erregeen kabalgata bertan behera lagatzea erabaki du Udalak. Bestalde, AsteLena frontoiko Gabonetako Haur Parkea eta Ipurua Kiroldegian egiten den dantza-saioa ere bertan behera utzi dira. Ohiko ekitaldirik, beraz, ez da egingo, baina formatu txikiko zenbait jarduera antolatzea erabaki du Udalak: Olentzerori eta erregeei ongietorria egingo zaie Udaletxean eta, bestalde, Negulekuak antolatuko dira hainbat lekutan (San Andres ikastetxeko patioan, Errebal Plaza eraikinean eta Astelena frontoian).
Bizi dugun egoera epidemiologikoa dela eta, pandemiari aurre egiten jarraitu behar dugula gogoratu dute Jon Iraola alkateak, Ander Curiel Gazteria Saileko zinegotziak eta Asier Lopez de Viñaspre sail horretako teknikariak. Esan dutenez, "Olentzeroren kalijiran eta Erregeen kabalgatan arrisku handia dago eta Udalari ezinezkoa zaio segurtasuna bermatzea".