Oihane Sarasketa eta Unai Fernandez nagusitu ziren Galdaramiño Igoeran
2023/06/12
22:38
eta kitto!
Domeka goizean jokatutako Galdaramiño Igoerako XIII. edizioan 68 atleta izan ziren parte hartzen 18 kilometroko ibilbidea osatzeko, 900 metroko desnibela gainditzeaz gain. Guztira lau gailur gainditu zituzten: 669 metroko Galdaramiño, 726ko Azkonabitza, 590ko Topinburu eta 541 metroko Ilordo. Unai Fernandez nagusitu zen mutiletan, 1h 29’ 57’ko’ denborarekin, hiru minutura heldu zen Eneko Azurmendiren eta ia bostera helmugaratu zen Iker Irastorzaren aurretik. Nesketan Oihane Sarasketa izan zen onena, 1h 45’ 24’’ko denborarekin, eta zazpi minutuko aldea atera zion Ane Ziaran bigarrenari eta 21 minutu eta erdira sartu zen Cristina Lopez, hirugarren tokian. 45 urtetik gorako beteranoetan Roberto Vega izan zen lehenengoa eta eibartarrentzako sariak Esther Velasco eta Kepa Varelarentzat izan ziren.
Aurten ere Atzegiko lagunen parte-hartzea izan zen ekitaldian, Gipuzkoako hainbat herritik etorritako adimen desgaitasuna duten lagunekin. Eurek ibilbide egokitua egin zuten, probaren amaieran sagardotegian bazkaltzeko. Antolatzaileek diotenez, “egun zoragarria izan zen guztiontzat, bai parte-hartzaile, bai bolondresentzat ere”.