Oilar-borrokak egongo dira bihar Errebal Plazan
Kaletik elkarte eibartarrak orain dela hiru urte jarri zuen martxan Haky del Rey izeneko lehiaketa eta, urtetik urtera, gero eta publiko gehiago erakarri du. “Gero eta gazte gehiago ikusten ditugu harmailetan, baita umeak ere”, diote Kaletik elkartekoek. “Gainera, gaiaren inguruan asko dakite, ez pentsa!”.
Ez da gutxi, elkarteko kideak umeak zirenean kultura mota horren egoera zein zen kontuan hartuta. Orain, urteetako lanaren ondoren, elkarte sendoa osatu dute eta hainbat ekintza egiten dituzte Eibarren zein beste herri batzuetan. “Eskoletan egoten gara, tailerrak eskaintzen ditugu, ikuskizunak, lehiaketak…”, azaldu digute. “Eibarren ez dago gauza askorik kultura horren inguruan eta sustatu egin nahi dugu”.
Kaletik deitzen da elkartea, eurak ere kalean hasi zirelako eta kaleko kultura deritzona bultzatzen saiatzen direlako. “Bai dantzaren arlotik (breakdance), bai musikatik, irudiak sortzetik, eta abar”, esan digutenez.
Haky del Rey
Oilar-borroken hirugarren edizioa da aurtengoa, baina bigarren aldia da izen hau hartzen duena. Eta zergatik Haky del Rey? “Jatorri japoniarra du eta jokoa ematen duela uste dugu. Gainera, guk MC (Master of Ceremony) disziplinaren errege edo erregina bat koroatu nahi dugu”, azaldu digute Kaletik-ekoek. “Raperoak esaten zaie orokorrean, baina berez MC-ak dira”, zehazten dute.
Biharkoan 30 MC inguru ibiliko dira lehian, baina 18:00etan hasiko den ikuskizunean 16 onenak bakarrik lehiatuko dira. “Gasteizetik, Bilbotik, Donostiatik, Zaragozatik, Arrasatetik… etorriko dira”, dioskue.
Parte-hartzaileen artean eibartarrik egongo den ez dakite, baina iazkoari begiratuz gero, baietz espero daiteke. “Harrituta geratu ginen, horrelakoetan zebilenik ere ez genekien jendeak izena eman baitzuen. Arraroa da, herrian ez garelako asko arlo horretan gabiltzanak, baina ezusteko polita izan zen”, esan digute.
18:00etan hasiko diren kanporaketetan oilar-borrokak egingo dira. Horrela, bi MC nor baino nor arituko dira zenbait modalitatetan (barrak, hitz baten inguruko errimak…) eta kanporaketak gainditu beharko dituzte sariaren 800 euroak eta errege edo erreginaren garaikurra irabazteko.
Lengoaiari dagokionez, antolatzaileek aitortzen dute batzuetan MC-ek lengoaia iraingarria erabiltzen dutela. “Batzuetan kontrolatu daiteke eta beste batzuetan ez. Gainera, adierazpen askatasuna sartzen da jokoan eta ezin dugu zentsura ezarri”, antolatzaileek diotenez.
Saioak baloratzeko orduan, ostera, epaileek (Freestyle Master Series ‘FMS’ zirkuitukoak dira) zaintzen dute erabilitako lengoaia iraingarria ez izatea. “Gainera, adin guztietarako ekintza izan dadila nahi dugu”, diote Kaletik-ekoek. “Beraz, ez dugu zentsuratu nahi, baina muga batzuk jartzea bai”.