Oinarrizko euskara agiria jaso dute "Debabarrena Integra–Bat Eginez" egitasmoko 6 ikaslek
Aurreko barixakuan. otsailak 14, Eibarko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldian, Jon Pérez Eibarko Udaleko zinegotziak eta Carlos Abad Armeria Eskolako presidenteak Debabarrena Integra–Bat Eginez programako euskara diplomak eman dizkiete aurten parte hartu duten sei ikasleei. Aurtengoa egitasmoaren 19. edizioa izan da. eta oraingoan ere euskara landu da lanerako oinarrizko formakuntza eskaintzen duen programa horretan.
Ekitaldian zehar, euskarara gerturatu eta pixka bat ikastearen garrantzia azpimarratu zuten. “60 orduko oinarrizko ikastaroaren helburua euskarazko ahozko ulermenean oinarrizko maila lortzea eta euskaraz ohikoenak diren esamoldeak ikastea da, eta modu horretan laneratzea eta gizarteratzea erraztea”, esan zuten.
Euskara saioak Eibarko Udalaren eta Armeria Eskolako Elkartearen arteko lankidetzari esker eman dira. Urrian hasi eta otsailaren 7an bukatu zen ikastaroa; aurtengoa AEK-ko irakasleek eman dute.