Olagarro zaporeko jaiak Urkizura bueltan
Gaur (barixakua, hilak 16) 19.00etan ekingo diote jaiari Urkizun, As Burgas Galiziako Etxeko jai batzordekoek urtero lez parkean ipini duten taberna zabaltzearekin batera. Barran zerbait eskatzen duenak, jakina, Galiziako produktu tipikoekin disfrutatuko du eta, besteak beste, "a feira" erara preparatutako olagarroa, enpanadak, gazta eta Santiago tarta jateko moduan topatuko ditu eta, horiei laguntzeko, nahi beste Ribeiro eta Albariño ardo edateko aukera ere izango du. Horrekin batera, Eibarko Galiziako Etxeko Os Galaicos taldekoek kalejira egingo dute parkean eta inguruan, gaita-doinuekin kalean daudenak jaiarekin bat egitera animatzeko. Eta bien bitartean, gainera, herri-kirol erakustaldia eskainiko dute. Herri-kirolak amaitu eta gero, afaltzeko atsedenaldi laburra egin eta jarraian, goizaldera arte dantzaldia egongo da, Alto Standing orkestrakoen eskutik.
Zapatuan goizetik hasiko dituzte jaiaren inguruan antolatu dituztenak eta, besteak beste, ume eta helduendako "chave" jaurtiketak eta igel-toka txapelketa jokatuko dira. Eta arratsaldean berriz ere musika eta dantza izango dira nagusi, Os Galaicos taldearekin eta Rasmia, Donostiko Aragoiko Etxekoekin. Eta iluntze-gauean animatzen direnak berriz dantzan egiteko aukera paregabea izango dute, Los Trovadores orkestrakoekin.
Eta domekan Galiziako jaiak Untzagaraino ailegatuko dira, eguerdian Os Galaicos taldekoek Eibarko trikitilariei harrera egingo diete-eta. Jarraian, elkarrekin Urkizuraino kalejiran jaitsiko dira, parkean musika eta dantzak erakusteko. Galiziako Etxera bazkaltzera joan aurretik, Castelaoren omenez dagoen oroitarrian lore-eskaintza egingo dute eta arratsaldean Los Trovadores taldekoek agurtuko dituzte aurten Xose Maria Diaz Castroren omenez antolatu dituzten XXXI. Dia Das Letras Galegas. Egitarau osoa jarraian:
BARIXAKUA 16
19.00.- Jai Batzordearen taberna zabaltzea eta Os Galaicos taldearen kalejira. Herri kirolak. 22.00.- Dantzaldia, goizaldera arte, “Alto Standing" orkestrarekin.
ZAPATUA 17
11.30.- Umeendako "chave" jaurtiketa.
12.30.- Igel-toka.
13.00.- Laguntzaileendako luntxa (Galiziako Etxean).
16.00.- Helduendako "chave" jaurtiketa. 18.30.- Galiziako dantzak eta musika, Os Galaicos (Eibar) eta Rasmia Rondalla (Donostiako Aragoiko Etxea) taldeen eskutik.
20.00. Dantzaldia, Los Trovadores orkestrarekin (21.00ak arte).
23.00.- Dantzaldiak goizaldera arte jarraituko du.
DOMEKA 18
11.45.- Os Galaicos taldeak Eibarko Trikitilariei ongi-etorria egingo die Untzagan eta jarraian kalejira, Urkizuraino.
12.30.- Dantza eta musika erakustaldia.
14.00.- Lore-eskaintza Castelaoren oroitarriari.
15.00.- Bazkaria, Galiziako Etxean.
18.30.- Dantzaldia, Los Trovadores orkestrarekin.
22.00.- Jaien amaiera.