OLATZ eta ENERITZ ALBERDI eta ANDER URKIA: “Jende nagusiak ohitura du lehenengo erosteko, eta gero buelta bat emateko”
Eibarko baserri batzuk hutsik geratu dira eta beste batzuk bizileku bezala daude bakarrik, baina oraindik badira ohiko jarduerari eusten dioten baserriak ere. Eta egon beharko! Barazkiak eta fruituak ekoizten dituzte, animaliak hezi, inguruak zaindu eta gure ondareari eusten diote. Olatz, Eneritz eta Ander dira jarduera horren eredu batzuk, baina etorkizuna gehiagoren esku egon behar da.
Normalean nola bizitzen duzue San Andres eguna?
OLATZ: Niretzat herriko jairik politena da. Egun berezia guretzat. Bizi guztian jaitsi izan gara animaliekin eta 2016an barazkiak jaisten hasi ginen. Modu berezian prestatzen gara San Andres azokarako, onena eramaten saiatzen gara. Beti gordetzen dugu bistara ondoen egiten duen generoa. Astero joaten gara Errebalgo Merkatu Plazara, baina hau ezberdina da, handiagoa, eta jendeak ondo ikustea nahi izaten dugu.
ANDER: Orain dela bost urte erosi nuen baserria eta oraindik ez dut postua jarri San Andres azokan. Orain nabil salmentaren munduan sartzen. Azoketara ez naiz sekula joan, baina niretzat ere San Andres eguna da Eibarko jai politena, Arrate egunarekin batera. 30ean beti irten izan naiz goizean feria ikustera: ganadua, postuak... Gero, kalean bazkaldu eta frontoira.
Txikitatik ezagutzen duzue San Andres azoka. Nolako bilakaera izan du urte hauetan?
ENERITZ: Kontrara, asko jaitsi lehendik hona.
OLATZ: Postuak handiagoak dira, baina jende gutxiago dago. Uste dut politagoa dela postu ezberdin gehiago egotea, jende gehiago, genero ezberdina ikusi... Joan den urtean ez ginen egon, baina oso postu luzeak zeuden eta betiko jendea falta zen.
ANDER: Adinean gora egin du jendeak...
ENERITZ: Eta ez dute erreleborik.
San Andres moduko beste azoka batzuetan egoten zarete?
ENERITZ: Inoiz Elgoibarko Gabonzaharreko azokara joan gara.
OLATZ: Baina ama izan garenetik, 2019tik, ez dugu feriarik egin. ‘Kit-kat’ bat egin dugu. Bestela ere, Elgoibarkoa gehiago da produktuak eta abar ikusteko, ez hainbeste erosteko. Eibarrera jendea karroarekin edo poltsekin etortzen da genero bila.
ENERITZ: Jende nagusiak ohitura du lehenik eta behin erosketak egiteko eta, gero, buelta bat emateko gauzak ikusteko.
“Orain, San Andres azokan, postuak handiagoak dira, baina jende gutxiago dago”
Zer ekoizten duzue?
ENERITZ: Pixka bat denetarik.
OLATZ: Sasoian sasoikoa. Neguko generoarekin joango gara azokara eta, aurten, fruituak ere eramango ditugu: limoia, lima, pomeloa, kakia... Fruta-arbolekin sartu gara pixkat. Generoa... Tira, aste honetan eguraldiak ez du batere lagundu, txingorrekin eta abar.
Klima aldaketak zuen jardunean eragiten duela igarri duzue?
ANDER: Urte asko ez daramatzadanez, ez dut asko igarri, ez dut erreferentzia askorik. Bost urte hauetan, urte batetik bestera bai igarri dut aldaketa euri-kopuruan. Iaz, adibidez, udaberrian euri asko egin zuen eta asko kostatu zen ortuan lana egitea (lurra prestatzeko eta abar); eta aurten kontrakoa, demaseko uda-giroa eduki dugu orain dela astebetera arte. Horrek erraztu egiten du beharra egiteko aukera. Orain, dagoen bezala, batu eta gauza gutxiago egin daiteke.
OLATZ: Nik klima aldaketa igartzen dut. Bizi guztian eduki ditugu ardiak eta behiak etxean, baina orain dela gutxi etorri zen gaixotasun bat abereak hiltzen zituen moskito batena, orain dermatosi nodularrarena agertu da... Bestalde, ortuan ere geroz eta zomorro gehiago dago. 37 urtean ia ezer eduki ondoren, orain dela hiru urte porruaren kokoarekin ia dena hondatu zitzaidan, tximeleta eta har gehiago daudela ikusten da... Kostatzen da. Bistarako polita, dena berdea, botika gutxi erabiltzea... Hori gero eta zailagoa ikusten dut. Eguraldia horrela dabil: demaseko beroa egiten du eta, bat-batean, euria, txingorra eta hotza; gero buelta eman dezake eta 3-4 astez berriz demaseko eguraldi ona egin. Ez da lehen bezala, bazenekiela udazkenean sirimiria edo hego-haizea egingo zuela eta gero negua etorriko zela. Iaz ia ez zuen negurik egin.
ANDER: Beti esan da negua dela mamorroak-eta akabatzeko sasoia. Elurtuta, izozten badu, hil egiten dira. Orain, hainbeste hotz egiten ez duenez, Olatzek esan bezala, gero eta mamorro gehiago dago.
Lehen, agian, urtaroak markatuago zeuden eta gutxi gorabehera bazenekien sasoi bakoitzean zer egingo zuen?
ENERITZ: Hori da, orain azaloreak berehala zabaltzen dira.
OLATZ: Lanerako oso ondo dago giro atsegina egitea, baina neguko barazkiek hezetasuna eta freskotasuna behar dute, adibidez.
Dermatosi nodularra dela eta, San Andres azokara ezin izango da abererik eraman. Nola eragin dizue horrek?
ENERITZ: Beldurra ematen dizu azkenean. Momentuz, gure abereak ez dira kutsatu eta lasai gaude, baina etortzen bada, esplotazio guztia kendu behar duzu. Guk ardiak ditugu, behiak ere, eta kutsatuz gero arazo handia izango litzateke.
Egunerokoan, non saltzen dituzue produktuak?
ANDER: Oraingoz, Ibarkurutze dendara eramaten ditut produktuak eta udaberrian kontsumo-taldea sortzeko asmoa dut, otarrak egin eta zuzeneko salmentarekin hasteko. Bezperan barazkiak prestatzen ditut, dena garbi eta txukun laga, eta goizean goiz dendara jaisten ditut.
ENERITZ: Nik Merkatu Plazan saltzen dut, etxean ere (paseatzaileei), Euskal Jaiko ferian egoten naiz eta aurten urriko Gazta Azokan egon naiz.
OLATZ: Gu ere Merkatu Plazan gaude eta WhatsApp-eko talde batetik nahi duenak enkargua egin dezake. Momentuan ditugun produktuak eskaintzen ditugu eta jendeak eskatzen du.
Jendeak badu bertako baserrietako produktuak erosteko ohitura?
ENERITZ: Jende asko COVID-aren sasoian hasi zen gurekin. Orduan hasi ziren probatzen benetakoa zer den eta erostera etortzeko ohitura hartu zuten.
“Jendeak COVID-aren sasoian probatu zuen benetakoa zer den eta eta erostera etortzeko ohitura hartu zuten”
Olatz eta Eneritz, zuek biok seguruenik txikitatik jaso zenuten, baina Ander, zuk nola ikasi duzu ofizioa?
ANDER: Arraroa da, etxean inork ez duelako baserririk eduki. Kaletarra naiz eta 13 urterekin hasi nintzen Azitaineko atxitxaren txabolan neure kabuz gauzak egiten. Ez nuen idearik ere. Gogoratzen dut nola otsailean eguraldi ederra etorri zen, tomateak erosi nituen, sartu, eta handik astebetera elurra egin eta hil egin zirela. Inguruko baserritarrei galdetzen-eta joan naiz ikasten. Gero, baserriaren arabera, gauzak aldatu egiten dira. Adibidez, Olatzen baserria dagoen inguruan, Kiñarra-bailaran, eduki nuen ortua eta eguzki gutxi sartzen zen. Orduan, inguruko baserritarrei galdetu behar nien noiz sartzen zituzten gauzak. Eta agian, Arrate-bailaran beste modu modu baten egiten da, beste mikroklima bat dagoelako.
ENERITZ: Batean eta bestean lurrak ere oso ezberdinak dira. Arikitxan, tioren etxean, lurra finagoa da, adibidez.
Eta horrek baldintzatzen du zer eta noiz ekoitzi?
ENERITZ: Bai. Letxuga egun berdinean sartuta, nirea hiru aste beranduago etorriko da eta han bizkorrago. Hori bai, udan, nireak fresko daude eta han tente-tente.
ANDER: Bai, askoz ere lehorrago. Lur horrek ur gehiago behar du udan, eta neguan ere lehorrago dago, ura hobeto filtratzen duelako. Hemengo lurra gehiago lokazten da. Arratekoa lur bolkanikoa da, lur beltza. Lanerako gozoagoa da.
OLATZ: Atxurra mugitzeko pisu gutxiago hartzen du (barreak). Bai nik igarri dut aldea. 2017an joan nintzen Kiñarra-bailarara eta negutegiarekin eta ortuekin jarraitu genuen, baina segituan igarri nuen aldea. Eta orain, neguan, zer esanik ez. Hainbeste hezetasun dago, generoa azpitik lehenago hondatzen dela.
ANDER: Batean ala bestean ohitu egin behar zara. Baserria gero eta altuago egon, neguan elurra eta izotza egiteko aukera gehiago dago. Haizea ere kontuan eduki behar da.
Beraz, norbera bere baserrira eta hango baldintzetara egokitu behar da. Ingeniari agronomoen edo horrelakoen laguntzarik jasotzen duzue?
OLATZ: Guk bizi guztian ikusi dugu hau. Ez dakiguna da kaleko bizitza nolakoa den (barreak).
Anderren kontrara, inoiz pentsatu duzue kalera bizitzera joatea?
BIEK: Ez, sekula ere. Oraingoz behintzat.
ANDER: Hobeto! Askoz hobe bizi da hemen goian.
ENERITZ: 80 urterekin eta autoa erabili ezin badut, nork daki, baina bestela ez, goian hobeto.
Eta zu, Ander, erabakiarekin pozik?
ANDER: Bai! Kalea hori bertan duzu, autoa hartu eta bost minututan bertan zaude nahi duzunean, hango zaratan egoteko, baina gero hona zatoz, lasaitasunera.
Pandemiaren sasoian asko jarri ziren landaguneetara begira, lasaitasun eta espazio bila. Ikusi duzue aldaketarik?
OLATZ: Jendea ahaztu egin da hortaz. Momentuko zerbait izan zen. Batzuek ‘klik’ egin zuten, baina oso gutxiri gelditu zaie ‘klik’ hori.
Askotan, kaletik, idealizatu egin daiteke baserriko bizimodua, eta mila gauza ditu onak, baina ardurak eta beharra ere eskatzen du.
ANDER: Bai, gogorra da. Adibidez, hemen ingurua zuk garbitu behar duzu eta kalean biziz gero, Udaleko beharginek garbitzen dute kalean. Sasia oso bizkor hazten da! Sastrakak kendu, lurra eta orbela jausten denean ataritik kendu, bideak zaindu, teilatua... Hori norberak egin behar du.
Udalaren aldetik nahikoa laguntza jasotzen duzue?
OLATZ: Badabiltza...
ENERITZ: Nahi baino gutxiago!
OLATZ: Azkenean, asko gara. Baserriak oso sakabanatuta daude eta kilometro asko dira bideak ondo edukitzeko, eta abar. Aurten, gure baserriaren inguruan arekak garbitu dituzte eta oso ondo, urteak zeudelako garbitu barik, baina hemendik ez dira pasa, ezta?
ANDER: Ez.
OLATZ: Urte batzuetan zuri tokatzen zaizu eta beste batean beste batzuei.
Bai, baina azkenean zuentzat beharrezko gauzak dira, zuen bizimodua egiteko berebizikoak.
ANDER: Bai, noski, bideak ez badira zaintzen, itxi egingo dira. Bideak ondo egotea behar dugu.
OLATZ: Egunero erabiltzen ditugu. Eguneroko bizitza egiteko behar ditugun bideak dira.
Erreleboaren kontua aipatu duzue lehen. Agian baserri guztietan gertatzen dena ez dakizue, baina badago erreleboa Eibarko baserrietan? Badaude gazteak? Kaletik jende gehiago igo da?
ANDER: Baserritar asko, Eneritz eta Olatz bezala, bertan jaiotakoak dira eta belaunaldiz belaunaldi gaur egunera iritsi dira, baina badaude baserria erosi dutenak ere.
ENERITZ: Asko, asko... Agian bi (barreak).
ANDER: Baserriaren jabetzari eusten diezuenak, diot.
ENERITZ: Bai, baina gero eta baserri gehiago ari dira geratzen bizitzeko etxe moduan bakarrik. Hau da, nekazaritza edo abeltzaintza jarduera barik. Txakurtxo bat eta kitto.
Baserria edukita, bertan lanketa egitea aproposa dela deritzozue?
ENERITZ: Euren osasunak eskertuko luke gehien. Ortuarena agian gutxiengoa da, baina animaliaren batzuk edukitzea eta zelaia garbi mantentzea ez da erraza.
ANDER: Kaletar ikuspegitik, mendia beti gustatu izan zait eta aitarekin beti ibili naiz mendian asteburuetan. Orduan, baserriak bizirik ikusten nituen: ortuarekin, animaliekin eta garbi (zelaia, basoa, bidea...). Pertsona horiek hil edo zahartu egin diren neurrian, eta ondorengoek jarduera horrekin jarraitzeko lekukoa ez dutenean hartu, asko igarri da. Orain dela 20 urtetik hona, asko zikindu da mendia. Zelaiak ez daude garbi, adibidez.
ENERITZ: Ez dago zertan 20 behi eduki behar. Bi zaldi ipini ditzakezu eta belarra jaten dizute. Kontua da garbi mantentzea.
OLATZ: Gertatzen dena da bi asto jartzen badituzu ere, asko lotzen zaituela. Egunero lan egitea eskatzen dizu. Hausnarketa egin beharko litzateke horren inguruan: Zer nahi dugu benetan? Mendiak zikintzen doazela asko igartzen da, argi eta garbi, hemen inguruan buelta bat eman besterik ez dago. Alderatu orain dela ez askoko argazkiekin eta ikusiko duzu.