Olentzero eta Gaspar erregea Andra Mari Eskolan egon dira gaur goizean
Andra Mari Eskolako ikasleek demaseko ezustekoa jaso dute gaur goizean Olentzero eta Gaspar erregearen bisitarekin. Eskolako liburutegian izan dira Jon Iraola eta Jon Perez Gazteria Saileko zinegotziarekin Udalak Gabonetarako umeentzat prestatu dituen ekintzen berri ematen eta, abesteaz gain, opari batzuk ere eman dituzte. (HEMEN BIDEOA)
Haur Parkea eta txirrista erraldoia
Gabonak ate joka ditugu, baina jaien inguruko ekintzak hasi dira dagoeneko. Horren adibide da joan den asteburuan zabaldu zuten Gabonetako Haur Parkea. Azken urteetan bezala, Astelena frontoian dago kokatuta eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik zapatuetan. 2 eta 12 urte bitartekoei zuzenduta dago eta sarrerak 3 euro balio ditu. Hori bai, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bonuak izanez gero, dohainik izango da.
Haur Parkea gutxi balitz, umeek beste atrakzio berezi bat izango dute aurten, Untzagan txirrista erraldoi bat jarriko dutelako hilaren 20an (urtarrilaren 6ra arte egongo da. Handik botatzeko ‘donut’ antzeko batean igo beharko dira eta adrenalinaz beteriko jaitsiera egin ahal izango dute.
Kirola Familian eta Jump Yard
Ipurua kiroldegiak ‘Kirola Familian’ ekimena dihardu jasotzen abenduko asteburuetan (14, 15, 21, 22, 28 eta 29an), 17:30etik 19:30era. Espazio irekia da, eta 2 eta 5 urte bitarteko umeek gurasoekin jolastu dezakete bertan.
Indianokua Gaztelekuak, ostera, Derioko Jump Yard tranpolin-parkera joateko txangoa antolatu du. Izen-ematea abenduaren 3tik 18ra bitartean egongo da zabalik.
Robotika tailerra
Heziketa jarduera dagokionez, Udalak robotika tailerra nabarmentzen du. Abenduaren 23tik 27ra egingo da Indianokuan eta Jazinto Olabeko ludotekan. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek Spike prime eta Robot Inventor-ekin lan egingo dute, eta Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Bigarren Hezkuntzako 2. mailara artekoek Cyberpi eta Roblox Snowboard baliatuko dituzte bideo-jokoen programazioan murgiltzeko.
Bertan parte hartu ahal izateko, eibartarrek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 40 euro.
Akrodance klaseak eta astronomia behaketa
Errebal Plazan akrodance klaseak emango dituzte hilaren 26, 27, 28 eta 29an Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko umeentzat.
Zerura begira jarrita, urtarrilaren 4an astronomia behaketa egingo da Iturburuko jolastokian. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoei zuzendutako jarduera izango da, eta bertakoek 3 euro ordaindu beharko dute.
Olentzero eta Mari Domingiren eta Erregeen kalejirak
Tradizioei jarraipena emateko asmoz, abenduaren 24an Mari Domingi eta Olentzero kalera irtengo dira herriko musikariekin kalejira egiteko. Ibilbidea udaletxean amaituko da eta bertan umeen azken eskutitzak jasoko ditu Olentzerok.
Urtarrilaren 5ean, ostera, Erregen txanda iritsiko da. Lehenik, Ipurua kiroldegian dantza ikuskizuna eskainiko dute herriko dantza taldeetako lagunek eta, ondoren, Erregeen kabalgata egingo da herriko kaleetan zehar. Amaitzeen denean, udaletxeko patioa umeen eskutitzak jasoko dituzte.