ONCEren Kupoiak 350.000 euroko saria laga zuen bart Eibarren
Martitzen gaueko ONCEren zozketak zortea ekarri du gure herriraino: Untzaga plaza inguruan kupoiak saltzen ibiltzen den Aitor Aja Sierrak saldutakoen artean 10ek saritutako zenbakia, 51.585 zuten eta kupoi bakoitzari 35.000 euroko saria dagokio. Beraz, denera 350.000 saria banatu du ONCEren saltzaile eibartarrak.
ONCEtik azaldutakoari jarraituta, azken aldian gure inguruan hainbat sari potolo banatu dituzte: "Orain dela gutxi Donostia Ospitaleko salmenta gunean 'Rasca y gana' delako bati esker gipuzkoar batek 50.000 euroko saria jaso zuen. Eta asteburuko kupoiari esker, berriz, Ermuan beste 125.000 euro eta Gasteizen beste 175.000 euro banatu berri dira". Iaz ONCEk 44 milioi eurotik gora banatu zituen EAEn. Sariak Aitaren Eguna dela eta egingo den ezohiko zozketaren atarian ailegatu dira, izan ere datorren martxoaren 19an 15 milioi euro eta 25 urtez hilabetero 6.000 euroko sariaren zozketa egingo da. ONCEko kideek "zorionik beroenak" eman nahi dizkiete saria lortu dutenei, "baita euren solidaritateari ere, euren ahalegina ONCEk egiten duen lan soziala garatzeko lagungarria delako".