Oneka Emakume Pentsionisten Elkartearen inguruko hitzaldia eskainiko dute gaur arratsaldean
Martxoaren 8aren inguruan antolatutako ekintzek aurrera egiten jarraitzen dute eta gaur, 18:00etan, Oneka euskal emakume pentsionisten elkartea ezagutzeko aukera izango dugu Andretxean. Bertan, plataformako kideek elkartea zergatik eta nola sortu zuten azalduko dute, emakume pentsionisten egoera jakitera emanez. Jarduera irekia izango da eta euskaraz egingo dute.
Oneka euskal emakume pentsionisten elkarteak 2018ko urriaren 17an ikusi zuen argia, Pobreziaren Aurkako Egunean hain zuzen ere. Emakume guztientzat pentsio duinak eskuratzea da bere helburu nagusia, Europako Gutun Sozialaren irizpidea jarraituz, baina badituzte beste zenbait xede ere: emakume nagusiek indarkeriarik gabeko bizitza autonomoa izateko aukera bermatzea, gizonen eta emakumeen pentsioen arteko arrakala ezabatzea eta kotizatu gabeko bizi osoko lanaren ondorengo “eskubiderik gabeko zahartzaroa” amaitzea, besteak beste.
Datuen arabera, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 6.000 lagunek zuten kotizazio gabeko pentsioa, hau da, 484,6 euroko diru-sarrerak 14 ordainsaritan. Horietatik 4.024 emakumeak ziren, hau da, kotizazio gabeko pentsioak zituzten hiru lagunetik bi emakumeak ziren, eta horien artean 1.055 ziren 80 urtetik gorakoak. 2024ko azaroan, kotizazio gabeko pentsioa duten pertsonak 7.859ra igo dira, eta hilean 518 € jasotzen dituzte 14 ordainsaritan. Aurreko proportzioaren arabera, horietatik 5.300 inguru emakumeak izango lirateke. Pentsio baxuena duten emakumeak dira eta nekez iritsi daitezke hilabete amaierara.
Oneka elkartearen sorreraren eta bilakaeraren berri emango dute, gaur, Andretxean
Onekak pentsio-sistema bidezkoago eta parekideago bat diseinatzeko aldarrikapena egiten du, baina baditu beste proposamen batzuk ere: babes eta segurtasun sozialeko sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzea, emakume nagusientzako neurri sozial eta politiko espezifikoak ezartzea eta zaintza-lanak aintzat hartzea pentsio-eskubideak kalkulatzean.
Azken gai horri helduta, Onekak euskarri integral gisa ulertzen du zaintza, ez euskarri fisiko soil gisa (hau da, elikagaia, higienea eta mugikortasuna jasotzea). “Zoritxarrez, adinekoen zainketak, gehienetan, honetan laburbiltzen dira: gabezia fisikoak asetzeaz, gaitasunak eta pertsona egiten gaituen guztia ahazturik”, diote. Horregatik, zaintza-eredu egoki baten alde egiten dute.
Antolatzeko beharra
Euren berbetan, “bidegabekeria sozial” horien aurrean beraien artean antolatzeko beharra ikusi zuten eta hortik abiatu zen elkartea, erakundeekin eta beste mugimendu sozialekin elkarlanean aritzeko asmoekin. Horrela, 300 lagun elkartu ziren Onekaren sorreran, euskal emakume pentsiodunentzat mugarria izan zelarik.
Onekak Euskal Herriko hainbat herritan funtzionatzen du eta bere jarduerak zabaltzen ari da. Esan bezala, beste plataformekin elkarlanean aritzea da Onekaren metodologietako bat, pentsiodunen mugimenduak eta mobilizazioak ahalik eta zabalenak izan daitezen. Era berean, jendartearekin eta erakundeekin elkarrizketa sustatzea eta elkarguneak bilatzea nahi izaten dute eta, era berean, Euskal Herriko emakume feministen mugimenduekin bat egitea eta elkarlanean aritzea.
Pentsioen gai sozialari buruz eztabaidatzeko eta pentsatzeko aukera egongo da genero ikuspegitik
Oneka elkartearen lana funtsezkoa da emakume pentsiodunen eskubideak defendatzeko eta pentsio-sistema bidezkoago bat lortzeko orduan. Hala ere, oraindik erronka handiak daude aurretik. Hala nola, pentsio-sistemaren erreforma integrala lortzea, genero-ikuspegia txertatuz; emakumeen lan-bizitzako etenaldiak eta zaintza-lanak aintzat hartzea pentsioetan; emakume pentsiodunen pobrezia-tasa murriztea; eta gizarte osoaren kontzientziazioa handitzea gai horren inguruan.
Hain zuzen ere, martitzeneko hitzaldiak horretan lagundu dezake, pentsioen gai sozialari buruz elkarrekin eztabaidatzeko eta pentsatzeko aukera izango dugulako genero ikuspegitik. Zentzu horretan, interesgarria izan daiteke pentsioen gaiaren inguruko kontzientzia handitzeko, genero ikuspegitik pentsioen problematika ulertzeko, emakume pentsiodunen egoera hobetzeko proposamenak ezagutzeko, eta herritarren arteko eztabaida eta hausnarketa sustatzeko. Izan ere, guztion parte-hartzea ezinbestekoa da gizarte bidezkoago eta parekideago bat eraikitzeko bidean.
Martxoaren 8ko programazioa
Onekaren hitzaldiarekin ez da amaituko Martxoaren 8aren inguruan prestatu den programazioa. Izan ere, oraindik gelditzen da barre egiteko, hausnartzeko eta aldarrikapenak egiteko aukera.
Hilaren 20an, eguena, 19:00etan, Beatriz Elgezabal Ollokiegik ‘Gregoria’ izeneko bakarrizketa saioa eskainiko du Arrate Kultur Elkartearen Topalekun.
Egun bat geroago, barixakuan, zine-foruma egongo da Portalean Pagatxaren eskutik. Saioa 18:30ean hasiko da eta ‘Ellas hablan’ pelikula ikusiko dute eta izango dute mintzagai.
Hilaren 25ean, martitzenean, ‘Emakumea mendiko kirolean’ izeneko mahaingurua egingo da Portalean, 19:00etan. Bertan Irati Undak, Lur Basterretxeak, Oihana Azkorbeitiak eta Mayi Mujikak hartuko dute parte, Ainhoa Lendinez moderatzaile dutela.
Egitarauarekin amaitzeko, hilaren 29an, zapatua, kultura arteko topaketa egingo da. Merlin Medina Acostak gidatuko du, Andretxeko Berdintasun Zerbitzuak eskaintzen duen zaintzaile eta etxeko langileentzat lan aholkularitza zerbitzuko arduradunak. ‘Voces de mujeres’ izena du ekimenak eta 16:30etik 19:30era egingo da Portalean. Gainera, haurren zaintza zerbitzua eskainiko da bertan parte hartzea erraztu asmoz.