Ongizate Emozionalaren Astea egingo dute Armeria Eskolan martxoaren 24tik 26ra
Armeria Eskolak Ongizate Emozionalaren Astea ospatuko du martxoaren 24tik 26ra bitartean. Aurtengo edizioaren gai nagusia “Teknologia digitalak eta ongizate emozionala” izango da, eta hiru egunetan zehar tailerrak, hitzaldiak eta bestelako jarduerak antolatuko dituzte.
Armeria Eskolatik azaldu dutenez, ekimenaren helburua ikasleen ongizate emozionala lantzea da, erronka pertsonal eta profesionalei aurre egiteko beharrezko trebetasunak garatzeko. Horrela, emozionalki orekatuak diren pertsonak prestatzea nahi dute, gizartean eta lan-ingurunean modu osasuntsuan aritzeko.
Egitaraua hiru gairen inguruan antolatu dute. Martxoaren 24an, “Norberaren ezagutza” landuko dute, besteak beste “El viaje (las movidas) de Lilo” izeneko tailerrarekin. Antzerki aplikatua eta psikodrama erabiliz, kontzientzia emozionala, komunikazio interpertsonala eta gorputz adierazpena landuko dituzte.
Martxoaren 25ean, “Pantailak eta osasun mentala” izango da ardatza. Goizean, AGIFES elkarteak pantailen erabilerak buru-osasunean duen eragina aztertzeko tailerrak eskainiko dizkie ikasleei, eta ondoren Maitane Ormazabal psikologoak hitzaldi irekia emango du teknologia digitalek osasun emozional eta mentalean duten eraginari buruz.
Azkenik, martxoaren 26an, “Harreman osasuntsuak eta komunikazio ez-bortitza” izango dute hizpide. Egun horretan ikasleek egindako film laburren proiekzioa egingo dute, ongizate emozionalari buruzko mahai-ingurua ere antolatuko dute, eta Nerea Mendizabal formatzaile eta psikopedagogoak hitzaldia emango du komunikazio ez-bortitzari buruz. Jardunaldiari amaiera emateko, sari banaketa eta itxiera ekitaldia egingo dituzte.
Armeria Eskolatik jakinarazi dutenez, egitarauko hainbat ekitaldi publikoari zabalik egongo dira, eta herritarrak gonbidatu dituzte jardueretan parte hartzera.