Oriol Giné, Bongo Botrako: "Diskoak egunotan bizitzen dihardugun guztia islatu nahi du"
- Nolakoa da "Revoltosa" diskoa?
Azaroan aurkeztu genuen lan berria eta harrezkero martxa betean dihardugu diskoa ezagutzera emateko kontzertuak han eta hemen ematen, batez ere Euskal Herrian. Azken aldian sarri sarri joaten dihardugu bertara eta pozik, gainera, joaten garen bakoitzean jendeak benetan harrera beroa egiten digu eta jarraitzaile finak dauzkagu.
- Aurrekoaren bideari jarraitu diozue ala ezberdina da?
Aurreko diskoarekin konparatuz gero, baliteke honetan epeltasun gehiago egotea, erritmo lasaiagoak nagusitzen dira orohar. Pausatuagoa izateko arrazoirik bada: abestietako mezua jendearengana erraz ailegatzea nahi dugu. Gaur egun bizitzen dihardugunak denoi eragiten digu, oso une latzak izaten ari dira eta musikak hori islatu behar duela uste dut. Are gehiago, islatzeaz gain musikak moduren batean parte hartu behar duela pentsatzen dut eta, alde horretatik, diskoa ederto datorkio bizi dugun sasoi honi. Egunero ikusten dihardugu nola zapaltzen dizkiguten Giza Eskubideak, arlo guztietan etenbarik ikusten ditugu horren adibideak, unibertsitatean ikastea galarazten digutenean, edo ia ordainduta dagoen etxebizitzatik kalera botatzen gaituztenean…
- Eta orain arte ikusi duzunaren arabera, jendeak mezu hori egoki jasotzen diharduela uste duzu?
Baietz uste dut, gizartean zerbait aldatzen hasi dela somatu daiteke. Egia da gauzak aldatzea ez dela lan erraza izango, aldaketa ez da egun batetik bestera etorriko, oso argi dago luze joko duela eta bidean hamaika oztopori aurre egin beharko diogula, baina borrokarekin aurrera egiteko itxaropen puntu bat izatea beharrezkoa da eta horretan ahalegintzen dihardugu.
- Abestietan horrelako gai sakonei heldu arren, zuen musikak nahiko doinu alaia dauka…
Borrokaren eta irrifarrari eustearen arteko oreka modukoa bilatzen ahalegintzen gara, bestela gainbehera edozein unetan etortzeko arriskua dago-eta. Egunero horrelako gertakari larrien inguruan ailegatzen zaigun informazio bolumena horren handia izanik, ez litzateke harritzekoa horrek hainbati shock modukoa eragitea.
- "Todos los dias sale el sol" abestiarekin bapatean ailegatu zitzaizuen fama. Nola moldatu zarete egoera berrira?
Ba oinak lurrean izateko ahalegin berezia egiten, famak duen arriskuarengatik: goraino igotzen zaituzten bezain azkar beheraino bapatean bota zaitzakete horren atzean lan serioa egon ezean. Horregatik guk gogotik beharrean jarraitu dugu, egunero taula gainean, kontzertuetan gure onena ematen. Bestalde, abestiak idazten ditudan aldetik, benetan pozgarria da edozein tokitara joanda ere nik sortutako abestia entzutea eta jendeak badakiela ikustea.
- Nola definituko zenuke zuen musika?
Jende asko harritu egingo litzateke nolako musika entzuten dudan jakingo balu, iturri askotatik edaten dut. Ez zait bereziki interesatzen gure moduko mestizajea egiten dutenen musika, bertatik nekez jasoko dudalako nik zerbait berria sortzeko behar dudana. Gure musika definitzeko "punk parranda" darabilgu, punk berbak borroka, eduki soziala eta bestelakoak adierazten dituelako eta parrandak, berriz, jaiari lotutako erritmoa.