Osakidetzak dentsitometro bat jarri du Eibarko Ospitalean, hezur-gaixotasunen diagnostikoa hobetzeko

Osakidetzak dentsitometro bat jarri du Eibarko Ospitalean, hezur-gaixotasunen diagnostikoa hobetzeko
2025/09/09 18:19
eta kitto!

Osakidetzako Debabarreneko ESIko Eibarko Ospitaleak dentsitometro berri bat jarri du martxan, hezur-dentsitatearekin lotutako gaixotasunen —hala nola osteoporosia eta osteopenia— detekzio goiztiarra eta ebaluazioa egiteko. Gailua irailaren 16tik aurrera hasiko da pazienteak artatzen, eta Debagoieneko zein Urola Garaiako herritarrentzako zerbitzua ere eskainiko du.

Hezur-dentsitometria funtsezko prozedura da hezur-masaren murrizketa garaiz hautemateko eta haustura-arriskuaren aurrean prebentzio- eta tratamendu-neurriak ezartzeko. Bereziki adineko pertsonentzat eta menopausia ondoko emakumeentzat da baliagarria. Proba segurua, azkarra eta ia molestia gabea da, erradiazio-dosi oso txikiak erabiliz.

Pazienteentzako onurak
Osasun Sailaren arabera, dentsitometria biztanleen %75i egin beharreko proba izan liteke. Horregatik, instalazio berriak diagnostikorako irisgarritasuna handituko du, eta arreta integrala bermatuko du beste hainbat zerbitzurekin koordinatuta (erradiodiagnostikoa, ginekologia, erreumatologia, traumatologia eta endokrinologia).

Ekipamendu berriak kalitate teknikoa eta segurtasun erradiologikoa bermatzen ditu, eta profesionalak behar bezala prestatuta daude haren erabilera egokirako. Horrela, Eibarko Ospitaleak hezur-patologien diagnostikoa eta tratamendua optimizatu ahal izango ditu, azterketa gehiago eginez eta paziente gehiagori mesede eginez.

Zerbitzu berria Debabarreneko biztanleei ez ezik, Debagoieneko eta Urola Garaiko herritarrei ere zabalduko zaie, eta Donostialdeko ESIrekin koordinatuta eskainiko da, sareko lana indartuz.

Asier Esnal, Debabarreneko ESIko zuzendari gerenteak, honakoa nabarmendu du: «Ekipamendu eta teknologia berriak funtsezkoak dira arreta medikoa hobetzeko, diagnostiko zehatzagoak, tratamendu eraginkorragoak eta pazienteentzako segurtasun handiagoa ahalbidetzen baitituzte. Gainera, gure profesionalei lana errazten diete, haien eraginkortasuna areagotzen duten tresna aurreratuekin».