Osakidetzak kirurgia robotikoko azken belaunaldiko robota instalatuko du Mendaroko Ospitaleko urologia-zerbitzuan
Horrez gain, Eibarko anbulatorioko sotoa goitik behera berrituko dute, “asistentzia-jardunerako espazioak liberatzeko”. Esandakoari jarraituta, Eibarko Ospitaleak urte amaierarako izango du abian dentsitometria-zerbitzua.
Osasuneko sailburuak Mendaroko Ospitaleko eta Eibarko Ospitaleko instalazioak bisitatu zituen atzo, eta bi zentro horietako profesionalekin bildu zen, “Debabarreneko ESIaren errealitatea zuzenean ezagutzeko eta ESIak eskualde horretako herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta prestazioak hobetzeko”. Komunikabideentzat egindako adierazpenetan esan iragarri zuenez, Osakidetzak kirurgia robotikoko azken belaunaldiko robot bat instalatuko du laster Mendaroko Ospitalean, urologia-zerbitzuan.
Sailburuaren berbetan, “hemendik hilabetera, martxoaren 27an, kirurgia robotikoko jarduera hasiko da Mendaroko Ospitalean, eta robot mota hori eskualde-ospitale batean instalatuko den lehenengoa izango da. Guretzat pazientea da ardatza, eta teknologia berri horrek ongizate eta bizi-kalitate hobea ekarriko du eta, zalantzarik gabe, gure osasun-sistema sendotuko du”. Ekipamendu robotizatu horren bidez, kirurgia-denbora murriztu, kirurgia-prozesuan zirujauaren jarrera hobetu eta errekuperazio- eta errehabilitazio-denbora nabarmen murriztu ahal izango da. Izan ere, ekipamendu horiekin lor daitekeen doitasunari esker, pazienteek infekzioak izateko probabilitatea murriztu egingo da.