Osasungintza publikoaren alde zapatuan egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte Debabarreneko herritarrak
Eskualde mailako manifestazioa izango da eta, beraz, Debabarreneko herritar guztiak daude deituta bertan parte hartzera. Esan dutenez, “iaz, lelo berarekin bi manifestazio burutu bagenituen ere, zoritxarrez, osasungintza publikoaren egoera ez da hobetu, eta berriro ere kalean salatuko dugu osasungintza publikoa jasaten ari den narriadura. Egoera hau ez da zerutik etorri. Gaur egungo egoera arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza da ”.
Gauzak horrela, osasungintza publikoak norabide aldaketa behar duela uste dute: “Norabide aldaketa horretan Lehen Arretak giltzarria izan behar du. Lehen Arretako lantaldeak paziente baten osasun-arazoen jarraipena egiteko gaitasuna eduki behar du, longitudinalidadea. Arreta presentziala lehenetsi behar da”.
Horrekin batera, geroz eta luzeagoak diren itxaron-zerrendekin oso kritikoak dira: “Osasun publikoaren murrizketa-politikak, espezialista bat eskuratzeko itxaron-zerrendak eta ebakuntza kirurgiko bat egiteko epeak izugarri luzatzea ekarri du. Ezin dugu onartu zerrenda horiek murriztea, zerbitzuen pribatizazioaren kontura. Osasuna ez da merkatu-ondasun bat, eskubide unibertsala baizik. Norabide aldaketa horretan, orain arte egin diren pribatizazio guztiak geldiaraztea eta lehengoratzea eskatzen dugu”.
Hori dela eta, osasungintza publikoa defendatzeko eta eskatzen ari diren norabide aldaketa horren alde, Debabarrena eskualdeko herritarrak deitu nahi dituzte, zapatu eguerdian egingo den manifestazioan parte har dezaten.