Oscar Alvarez: “Ez pentsa esklabutza urruneko gauza denik, Eibarko kaleetan ere esklabuak ibili ziren”
Hilaren 14an eta 21ean Oscar Alvarez Gila Historiako doktoreak bi hitzaldi eskaini zituen esklabutzaren inguruan. Lehenengoan, XVI. eta XVII. mendeko esklabutza-trafikoari buruzko ikuspegi orokorra eman zuen; eta bigarrengoan. Euskal Herriaren eta esklabutzaren arteko harremanaz jardun zuen. Izan ere, berak dioen bezala, “Eibarko kaleetan esklabuak ibili ziren”.
Nolako harrera izan dute hitzaldiek?
Bi hitzaldi eskaini nituen, biak ezberdinak. Lehenengoan, hitzaldian esandakoekin ikasle batzuk harritu ziren. Adibidez, Afrikatik Amerikara 11 milioi esklabu iritsi zirela esan nuenean. Gero, kalkuluak egiten ikusi daiteke bidean zenbat hil ziren, Afrikan bertan zenbat hil ziren… Izan ere, esklabuak harrapatu egin behar zituzten eta, horretarako, gerrak egon behar ziren. Beraz, Amerikara 11 milioi heltzeko, Afrikak 70 milioi lagun galdu zituen. Bestalde, esklabuei ematen zitzaien tratamendua nolakoa zen, salmentak nola egiten ziren, eta beste hainbat gai landu genituen.
Eta bigarren hitzaldiari dagokionez?
Bigarren hitzaldian euskaldunok esklabutzarekin izan dugun harremanaz jardun genuen. Orain ez hainbeste, baina orain dela gutxi arte esan izan da XVI. mendera arte Euskal Herria nolabaiteko irla izan zela Europan, esklabutzarik gabeko toki bat, esklabutzaren aurkako legeak zeudela eta abar, baina hori ez da egia. Orain dela 20 urte inguru, Jose Antonio Azpiazu historialariak ‘Esklabuak eta trafikatzaileak’ izeneko liburua kaleratu zuen eta bertan erakutsi zuen esklabutzan parte hartu zuten hainbat euskaldun egon zirela. Eta ez hori bakarrik, Euskal Herrian ere esklabuak egon zirela.
Nortzuk ekarrita?
Hitzaldian bi adibide jarri nituen. Batetik, Martin Lopez de Isasi eibartarraren kasua dago. Merkataria zen eta bere familiak burdinaren salerosketan parte hartzen zuen. XVI. mendean, Sevillan, Amerikarako merkataritza kontuetan hasi zen. Hori da bere inguruan esaten dena eta oso izen ona dauka. “Lehen enpresa-gizon modernoa” deitzen zion aldizkari batek orain dela bi urte kaleratutako artikuluan. Ostera, Lopez de Isasi konturatu zen esklabuen salerosketan negozioa zegoela eta bertan sartu zen beste lankide eibartar eta euskaldun batzuekin batera. Gero, itsasontziak behar zituenez, Bilboko, Hondarribiko eta Debako ontzi-gizonekin elkarlanean hasi zen, eta demaseko enpresa sortu zuen esklabuak Amerikara eramateko.
Beraz, esklabuak salerosketarako beste produktu batzuk besterik ez ziren?
Hori da. Esklabuak zer ziren hobeto ulertzeko, horrela azaltzen dut: esaten da gizakiak emakumezkoak eta gizonezkoak izan daitezkeela, ba esklabuak harrak eta emeak ziren. Ganadu bezala tratatzen zituzten. Dokumentu batzuetan, adibidez, agertzen da Bilbon ontzi bat prestatu behar dutela Afrikatik ez dakit zenbat “beltz” ekartzeko, horietatik “200 har eta 150 eme”. Abereak izango balira bezala. Objektuak dira, eta harrapatu egiten zituzten eta gero saldu. Ez ziren pertsonak. Kontu horrek ikasleak harritu zituen, eta ez hori bakarrik. Izan ere, Markeskua jauregia Isasi familiarena zen eta hor dago, zutik. Horregatik, esan nien bertatik pasatzen direnean gogoratzeko horren atzean zer dagoen.
Zein izan zen ikasleei jarri zenien beste adibidea?
Afrikan jaio eta umetan Amerikara eraman zuten emakumearen kasua. Han eibartar batentzat lanean hasi zen, baina eibartarrak herrimina sentitu eta etxera itzuli zen. Etorri zenean emakumea ekarri zuen eta, horrekin batera, mutiltxo mulatoa. Kontua zera da: nor izango ote zen aita? Jabea, noski. Ez pentsa horren atzean maitasun konturik zegoenik. Emakumea esklabua zen eta jabeak erabili nahi bazuen, erabiltzen zuen. XVII. mendeko esklabuen errolda baten agertzen dira, baina izen barik.
Zein estatus zuten jabeen eta esklabuen arteko harremanetik jaiotakoek?
Esklabuak izaten jarraitzen zuten. Gordin esanda, jabeentzat hori zen esklabuak ekoizteko sistemarik erakargarriena. Legeak hori zioen: semeek edo alabek amaren kondizioak heredatzen zituztela, ez aitarenak. Beraz, ama esklabua bazen, seme-alabak ere. Gero, Eibarko hauen kasuan, jabea hil zenean, norbait errukitu zen eta askatasuna eman zieten. Pertsona garrantzitsuak ez zirenez, pista galdu zitzaien, baina pentsatzen dut ez zirela Afrikara itzuliko eta hemen biziko zirela. Beraz, ez pentsatu esklabutza urruneko gauza bat denik, hemengo kaleetan ere esklabuak ibili zirelako.
Euskal Herria esklabuentzako iragaitzazko tokia zen ala hemen gelditzeko ere ekartzen zituzten?
Merkaturik handienak Sevillan eta iberiar penintsularen hegoaldean zeuden, baina esklabu bakar batzuk ekarri zituzten. Bestetik, esklabuei buruz ari garenean, ia beti esklabu beltzen irudia datorkigu burura, baina asko eta asko Magrebkoak ziren. Hori bai, Afrika zen esklabuen harrobi nagusia. Hasieran, Mediterraneo itsasoaren inguruan gertatutako musulmanen aurkako gerretan harrapatu zituzten esklabu gehienak, baina XVI. mendean konturatu ziren Afrikan esklabu-harrobi garrantzitsua zegoela eta horra jo zuten.
XVI. eta XVII. mendeko Euskal Herriko gizarteak nola ikusten zuen esklabutza?
Esklabutzaren kontrako legeak askotan errepikatzen dira, milaka lege zegoen. Izan ere, hemengo foraltasuna dela-eta odol garbitasuna zaintzen zen (“leinuan ezin duzu arraza txarrik eduki”, eta abar). Kontua da legeak urtero errepikatzen zirela eta horrek esan nahi du jendeak esklabuak zituela. Noizean behin erroldak egiten ziren esklabuak kanporatzeko, baina handik denbora batera errolda berriz egin eta ikusten zen ez zituztela kanporatzen.
Barka horrela esatea, baina esklabuak balio handiko produktuak ziren?
Bai. Gainera, kalitate ezberdineko esklabuak zeuden. Mutil gazte afrikarrak ziren garestienak. Emakume gazteen prezioa txikiagoa zen, baina lanerako erabili ez arren, esklabu berriak egiteko baliagarriak ziren. Ernaltzeko erabiltzen zituzten. Umeek gutxiago balio zuten, adibidez. Eta bestetik, tokiaren arabera ere aldeak zeuden. Adibidez, senegaldarrek fama ona zuten, indartsuak zirelakoan, eta mozambiketarrek alper-ospea zuten. Badakigu hori guztia ez dela egia, baina horrelako ideiak sortu ziren.
Zein denbora tartetan eman zen esklabutzaren fenomenoa Euskal Herrian?
Afrikako esklabuen kasuan XVI. mendean hasi zen izugarrizko merkataritza Amerikako konkistarekin lotuta, han baitzegoen merkaturik handiena eta horregatik sartu ziren negozioan hainbat euskaldun.
Bestalde, XVIII. mendean boom izugarria eman zen. Zergatik?
Guztiok dakigu Mendaron txokolate fabrika dagoela, Compañia Gipuzkoana de Caracas zer den, eta abar. Konpainia hori esklabuen salerosketan ibili zen eta horri esker hasi ginen kakaoa, txokolatea eta horrelakoak dastatzen. XVIII. mendean, Euskal Herrian kafearen eta txokolatearen kontsumoa asko hazi zen eta, errentagarria zenez, Ameriketan plantazio handiak sortu zituzten (Kuban azukrea, Venezuelan kakaoa…), eta lan-indarra Afrikatik ateratzen zuten. XIX. mendean, ostera, esklabutzaren aurkako mugimenduak hedatzen dira munduan zehar, baina gure artean mende amaierara arte eutsi zitzaion esklabutzari, Kuban eta Puerto Ricon batez ere, euskaldunen parte-hartzearekin.
Esklabutzaren ondorioak nabariak dira gaur egun?
Bai, noski. Esaterako, hor dugu Ibarra familia. Nola hasi ziren dirua egiten? Arazoak zituzten eta ontzi bat antolatu zuten Santurtzin esklabua harrapatzeko. Gero, meategietan inbertsioak egin zituzten (langileak esklabu bezala tratatzen zituzten) eta hor ditugu orain, BBVA bankuarekin eta abar.