OSCAR AVENDAÑO: “Langile klasearen parte gara bizitzan zein r’n’rollean, eta harro gaude horretaz”
Oscar Avendaño (Vigo, 1973), rock galiziarreko musikaria eta konpositorea da, Siniestro total taldeko baxu-jotzailea eta The Bo Derek's-eko gitarra-jotzailea eta abeslaria izateagatik ezaguna.
Joan den mendeko azken hamarkadan hainbat taldetan ibili eta parte hartu ondoren, 2001ean Siniestro Total taldeko baxu-jotzaile gisa hasi zen, eta dozena erdi disko grabatu eta azken agurrera arte jo zuen haiekin.
Beste talde askorekin ere parte hartu du, batez ere Galiziako pop eta rock taldeekin, eta bakarkako ibilbideari eusten dio, estilo ezberdinetako konposizio anitzekin.
The Bo Derek´s (lau disko sei urtetan, Covid tartean dela) taldearen liderra da gaur egun. eta uazkenean kaleratu duten azken diskoa aurkezten ari dira orain: Working Class Rock ‘n ‘Roll. Domekan joko dute, 19:00etan, Coliseo antzokian.
Igande arratsalde batean Eibarren joko duzue. Nola prestatu beharko genuke zuengana joateko?
Gu zapatu gauekoak gehiago garela kontuan hartuta, ez dakigu ondo nola doan domekan jotzearen kontua. Baina nik egingo nukeena zera izango litzateke: goizen bermut bat hartzera irten, liatzen utzi, kanpoan jan, kafeak, txupitoak eta rock’n roll kontzertu batean bukatu. Egia esan, egundokoa iruditzen zait…
Gaztelupeko hotsak-ekoek diotenez, Bo Diddley-k harrapatua du zuen bihotza benetan eta ez Bo Derek-ek. Nor da Bo Diddley?
Bada, galderak min ematen du. Izan ere, jaun horrek rock’n rollaren historian garrantzia izan arren, oraindik nor den argitu behar delako. Generoaren sorrerako harrietako bat dela esango nizuke. Bluesetik trantsizio gisa balio izan zuten artista horietako bat da, “Diddley Beat” (abesti askotan entzun daiteke, Who anaien “Magic Bus”-etik U2ren “Desire”-ra edo George Michaelen “Faith”-era) deituriko hori asmatuz. Chuck Berry eta Little Richardekin batera triunbiratu baten parte da. Gainera, “Entre pillos anda el juego” filmean agertu zen aktore gisa. Zer gehiago eska dakioke gizaki bati?
Zein beste musikari edo talde dituzue inspirazio-iturri agertokian dena sortzeko eta emateko?
Esan bezala, Berry/Diddley/Richard triunbiratuak bilduko luke guztia. Baina hortik dena adarkatzen da mila norabidetan, eta horrek eraman zaitzake soulera, bluesera, punkera, garajera…
Old School R’n’R’ egiten duzue. Nola azal dezakezue horrek zer esan nahi duen?
Nire ustez, etiketak berak (gu geu ere, bide batez, mahukatik atera baikara) azaltzen du hori: rock’n rolla egiten dugu lehen egiten zen bezala, beti egin izan den bezala… Ezer asmatzeko asmorik gabe, inor baino gehiago izateko asmorik gabe. Nahi dugun gauza bakarra da ikusleek dantza egitea eta ondo pasatzea. Eta, kontzertua bukatzean, disko bat erosten badute edo hurrengora etortzeko gogoz geratzen badira, gure misioa beteko dugu.
Eta zer da Working Class R’n’R’?
Hori bizimodu bat da. Gure gizartean klase kontzientzia galdu da: mundu guztiak klase ertainekoa izatearen plantak egiten ditu (eta sinetsi ere egiten dute, gehienetan), “klase ertain” hori bizitzan hurbilduko ez diren zerbait denean. Gehienez langile klasekoak izango dira. Eta horrek badu bere isla rock’n rollaren munduan, non mundu guztiak izar bat izan nahi duen. Guztiei “gauzatxoak etortzen zaizkie”, eta benetan direna baino gehiago izatearen plantak egiten dituzte, segur aski, beste lan batzuk izan beharko dituztenean beren bandak mantendu ahal izateko. Ulertzen dugu: publikoak pelikula hori erosteko joera du eta, normalean, nahiago izaten du eszenatokian daudenak izarrak direla sinetsi, benetan lan egiten dutela egiaztatu baino. Baina guk benetan garena besarkatzen dugu: langile klaseko talde bat, herri honetan dauden milaka horietatik penintsula furgonetaz zeharkatuz, gauero, beren tresnak kargatu eta deskargatzen, ahal duten lekuan lo egiten eta, gehienetan, behar baino gutxiago irabazten. Eta harro gaude.
Irailean atera zenuten azken diskoa eta geroztik hainbat lekutan jo duzue. Nolako harrera izan du? Normalean, alderik izaten al da norberak imajinatzen duenaren eta benetan gertatzen denaren artean?
Zintzoki ez. Esan bezala, gure asmoa ikusleei ondo pasatzea da, eta proba hori aspalditik gainditu dugu. Eta kontzertuetara jende asko joaten dela esaten badidazu, ezin gara kexatu. Egun hobeak eta okerragoak daude, noski, baina gure jarrera ez da aldatzen horregatik. Hori, berez, garaipena da.
Bira honetan Bilbon egon zarete eta hemen inguruan gehiago jo duzuela imajinatzen dut. Zer espero duzue Eibarko publikoarengandik?
Guk Euskadin beti ondo pasatzen dugu. Publiko euskalduna eskertzekoa da, eta harrera beti da zoragarria. Espero dugun gauza bakarra parean egotea da.