Oskar Gaskon Marañon nagusi Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketan

54 parte-hartzailek 267 argazki aurkeztu dituzte aurtengo edizioan, eta Oskar Gaskon Marañónek jaso du argazki bilduma onenaren Indalecio Ojanguren Ohorezko Saria
Oskar Gaskon Marañon nagusi Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketan
2026/10/05 13:10
Ekhi Belar Errasti

Atzo, urriak 4, bildu zen Portalean XXXVIII. Indalecio Ojanguren Argazki Lehiaketako epaimahaikideak (Iñaki M. Delgado Larrañaga, Manu Barreiro Rodríguez eta Fernando Anza Rey), eta aho batez erabaki zituen aurtengo sariak. Argazki bilduma onenari ematen zaion Indalecio Ojanguren Ohorezko Saria Oskar Gaskon Marañónek jasoko du, ‘Uno, dos y tres’ bildumarekin. Indalecio Ojanguren Sariak, berriz, Oskar Manso Navasek (‘Argizpi’ lanarekin), Javier Arcenillasek (‘Una visión diferente’ bildumarekin), Manuel Gallartek (‘E.T.A. Bombero’ lanarekin) eta Jose López Gimenezek (‘Pablillo’ bildumarekin) jasoko dituzte.

Euskal Herri mailako Indalecio Ojanguren Sarietan, Aitor Arana Arrutik lortu du lehen postua ‘Lux in tenebris’ lanarekin. Bigarren Jose Agustin Gurruchagarentzat izan da, ‘Evolución musical’ lanarekin, eta hirugarren Andres Indurainentzat, ‘Mirando’ lanarekin.

Herriko mailako sarietan, Juan Antonio Palacios Garciak irabazi du lehen saria, ’Días de fragua’ lanarekin. Oscar Bagliettok bigarren saria eskuratu du, eta Einer Rodriguez Poncek hirugarrena, ‘Pensamientos' lanarekin. Hiru parte-hartzaileak Eibarko Klub Deportibokoak dira.

Bestalde, 8 eta 16 urte arteko parte-hartzaileen argazki onenaren saria Nerea Solana Domínguezentzat izan da, ‘El beso’ lanagatik.

Aurtengo lehiaketan 54 parte-hartzailek hartu dute parte: 13 Eibartik kanpoko Euskal Herriko beste herri batzuetakoak izan dira, 19 estatuko beste toki batzuetakoak eta 22 Eibarkoak. Guztira, 53 argazki bilduma eta 267 argazki aurkeztu dira. Gainera, sei parte-hartzaile sailkatu dira Argizaiola AGZ46/2025 lehiaketarako: Oskar Gaskon Marañon, Oskar Manso Navas, Jose Agustin Gurruchaga, Aitor Arana Arruti, Andres Indurain Gutierrez eta Juan Antonio Palacios Garcia.