OSKAR GISASOLA ETA JON GALARRAGA: “Orientazio probetan oreka bilatu behar da desnibelaren eta distantzien artean”

Gipuzkoako Orientazio Taldeko bikoteak lan bikaina egin zuen Munduko Txapelketan
2025/07/18 10:51
eta kitto!

Quintanar de la Sierra (Burgos) herrian egin da aurtengo Munduko Orientazio Txapelketa (World Rogaining Championship, WRC) eta Oskar Gisasola eibartarra podiumera igo da super beteranoen mailan (55 urtetik gorakoak) Jon Galarraga bikotearekin batera. Gipuzkoako Orientazio Taldeko (GOT) kideek 58. postuan amaitu zuten sailkapen orokorrean eta ederki gozatu zuten ia 24 ordu iraun zuen proban.

Adin guztietako jendea batzen duen kirola da orientazioa edo rogaininga. Asko familian lehiatzen dira, seme-alabek bultzatuta hasten dira beste batzuk, eta mendizaletasuna maite dutenek beste pizgarri bat aurkitzen dute proba horietan. Hori dio GOT-eko bikote honek: “Mendian ibiltzea da, baina pentsatuta”.

 

Nola animatu zarete WRC-an parte-hartzera?

OSKAR: WRC-ak urrun egin izan ohi dira, baina 2019an La Molinan (Katalunia) egin zen eta parte-hartzera animatu ginen. Hurrengo biak Txekiar Errepublikan eta Kalifornian (AEB) egin dira, oso urrun guretzat, baina aurtengoa Burgosen egin denez, berriz animatu gara.

Bertan parte-hartzeko aurretik sailkatu behar da ala nahikoa da izena ematearekin?

OSKAR: Orientazio klub bateko kidea izan eta esperientzia edukitzearekin nahikoa da, ez dago sailkapen probarik.

JON: Jende gehiegi balego, agian bai, baina ez da falta izan. 800-900 partaide egon gara.

900 partaide ingururekin, podiumera igotzea lortu duzue. Pozik emaitzarekin?

OSKAR: Parte-hartzea zen gure lehen helburua, baina bagenuen itxaropen txiki bat paper ona egiteko eta dena ondo atera zitzaigun. Estrategiarekin asmatu genuen eta ez genuen denborarik galdu balizak topatzen. Nahiko pozik amaitu genuen.

JON: Gorputzak ere ondo erantzun zigun. Ahulaldia izan dezakezu, zaintiraturen bat eta agur, baina oso ondo joan zitzaigun. Egunak argitu zuenean ondo genbiltzala ikusi genuen, baita indarra genuela ere, eta aurrera egin genuen ondo amaitu genezakeela uste baikenuen.

Zer egin behar zenuten proba horretan?

OSKAR: Iraupen ezberdineko rogainingak egoten dira: 6 ordukoak, 8koak, 12koak... eta Munduko Txapelketa 24 ordukoa izaten da. Probaren egunera arte, bakarrik proba non egingo den genekien, besterik ez, eta proba hasi baino hiru ordu lehenago eman ziguten mapa. Bertan sestra-kurbak, altuerak, lur-motak, errekak eta elementu ezberdinak (etxeak, harriak, dorreak...) daude markatuta, eta hiru ordu izaten ditugu pentsatzeko probak irauten duen 24 orduetan zein balizatik pasatu nahi dugun. Denbora horretatik kanpo helduz gero, penalizazioa jasotzen duzu. Beraz, zure fisikoaren eta mapan ikusten duzunaren arabera, 24 ordutan zein ibilbide egin nahi duzun erabaki behar duzu.

Baliza bakoitzak puntuak ematen ditu?

JON: Hori da, baliza bakoitzak puntu kopuru bat ematen du, normalean zailtasunaren arabera. Tontorretan daudenek 10-12 puntu ematen dituzte, errazagoek 3, 4 edo 5... Estrategia erabakitzerakoan gauza asko eduki behar dira kontuan. Adibidez, gora eta behera ez ibiltzea desnibela pilatuz. Estrategiak demaseko garrantzia du.

OSKAR: Oreka bilatu behar da desnibelaren eta distantzien artean. Gero, lur-mota ere kontuan eduki behar da. Hori koloreen bitartez ikusi daiteke. Horren bitartez ikusten da zein erraztasun dagoen toki jakin batetik pasatzeko. Bestalde, zonalde arriskutsuak kolore bereziekin egoten dira markatuta, ezbeharrik gertatu ez dadin.

Bikoteko kide bakoitzak rol bat dauka?

OSKAR: Normalean bion artean egiten dugu dena. Estrategiarekin ibilbide nagusia erabakitzen dugu, baina egia da gero aldaketak egon daitezkeela (baliza batean atzeratu garelako edo dena delakoa), baina hori bidea egin ahala erabakitzen dugu. Batzuetan, nekearengatik, kontzentrazioa galdu dezake gutako norbaitek, eta kasu horietan besteak gidatzen du.

JON: Batzuetan, nekearengatik eta horrela, bikote batzuk tentsio handiarekin ikusi izan ditugu.

OSKAR: Talde batzuetan demaseko liskarrak sortzen dira.

Mapa hiru ordu lehenago jasotzen baduzue, nola entrenatu daiteke horrelako proba bat?

JON: Daukadan adinarengatik, urtean zehar sasoian egoten saiatzen naiz gustoko kirola egiten: korrika, mendi-martxak... Azken hiru hilabeteetan zenbait mendi-martxatan ibili naiz.

OSKAR: Astean zehar gutxienez lau egunetan saiatzen naiz zerbait egiten, ibili behintzat. 24 orduko proba bat egiteko, gehien bat ibili egin behar zara orduak eta orduak pilatzeko. Bestalde, arlo teknikoari begira, Espainia guztia orientaziorako mapeatuta dago programa batzuen bitartez eta, xehetasun txikiak agertzen ez diren arren, gutxi gorabeherako mapa bat eginda dago eta, Munduko Txapelketa Quintanarren egingo zela bagenekienez, zonalde hori aztertu genuen. Hor ikusi genuen gauez ibiltzeko zein toki izan zitekeen egokiena, non zegoen desnibel handiena, eta abar.

JON: Ez genekien balizak non egongo ziren, baina gutxienez eremua ikasi genuen.

Probaren egunean nolako tresnak erabili ditzakezue?

JON: Mapa mahai-oihal batean eman ziguten, 50x70 zentimetroko mapa, eta horrekin eta ipar-orratz batekin moldatu behar ginen. GPS-ak debekatuta daude, baita GPS-a duten erlojuak ere, eta telefono mugikorrak poltsa batean prezintatuta eramaten ditugu. Larrialdi egoeran bakarrik erabili daitezke.

OSKAR. Eta gero ura, mordo bat! Anoa postuak daude, baina erabakitzen duzun estrategiaren arabera agian ez zara anoa postu batetik 4 edo 5 ordutan pasatzen.

Munduko Txapelketa izanik, munduko onenak egongo ziren bertan. Beste bikoteekin harremana izan duzue?

OSKAR: Irabazi dutenekin ez dugu harreman zuzenik eduki. Errusiarrak ziren eta gero, bakoitzak egindako bidea aztertu genuenean, baliza bat eurekin pikatu genuela ikusi genuen, baina momentu horretan ez genuen jakin zeintzuk ziren. Bestalde, Letonia edo ez dakit zein herrialdetako bi neskarekin hiru edo lau balizatan kointziditu genuen, eta eurekin bai egin genuen berba. Momentu batean banatu eta handik ordu batzuetara berriz elkartu ginen. Jarrita zeuden, ilunetan, argiarekin, eta ikusi gintuztenean esan ziguten: “Zuen zain gaude atzetik joateko!” (barreak).

Estrategiak kopiatu daitezke? Edo bata bestaren atzetik ibili?

OSKAR: Zaila da.

JON: Agian gauez haiei beldurra ematen zien edo zaila egiten zitzaien balizak bilatzea, eta gu zuzen gindoazela ikusita, jarraitzea erabaki zuten, baina denbora guztian ez duzu aguantatzen beste bikote baten atzetik.

OSKAR: Baliza batzuetan kointziditu dezakezu, baina bakoitzak bere estrategiari jarraitzea izaten da normalena.

Euskal Herriko parte-hartzaile gehiago egon ziren?

OSKAR: Kategoria ezberdinak daude, adin eta sexuaren arabera banatuta. Kategoria mistoan GOT-eko bikote bat egon zen, nesketan beste bat, mutiletan beste bat, beteranoetan beste batzuk... Bost talde guztira.

Orientazioak nolako komunitatea du gurean?

JON: Pixkanaka handitzen joan den komunitatea dago. Orain dela urte batzuk oso ezezaguna zen.

OSKAR: EAE-n hiru klub daude: Gipuzkoan GOT, Bizkaian Cobidea eta Araban Coaraba. Araban agian gutxiago dira, baina Bizkaian eta Gipuzkoan dezente gara. Gure klubean 170 lagun inguru gaude. Ume asko dago taldean, Zarautz eta Donostia inguruan, batez ere. Bestalde, Cobidean 30 urte inguru daramatzate eta askoz ere kide gehiago dituzte.

Hemen inguruan probak egiten dituzue?

OSKAR: Klub bakoitzak bere liga du, 6-7 probarekin, eta proba horietan ibiltzen gara orokorrean. Bestalde, Liga Norte delakoa dago, Madrildik iparralderako probak hartzen dituena.