ZALOA URAIN: “Oso eskertuta nago omenaldiagatik, bihotzez”

...eta kitto! Jaian omendua
2024/10/03 15:00
eta kitto!

Zaloa Urain Kokein taldeko abeslaria omenduko dute aurten ...eta kitto! Jaian. Oholtza gainean 25 urte bete ditu aurten musikari eibartarrak, beti euskararen alde, eta ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean izan dugu hainbatetan. Horrela, bihar ondo merezitako omenaldia jasoko du Untzagan, 12:00etan, udaletxeko balkoitik jaiari hasiera emango dion adar-soinua entzun ondoren.

 

Zelan hartu duzu ...eta kitto! Jaian omendua izatea?

Oso eskertuta nago omenaldia jasotzeagatik, bihotzez. Hasiera batean txundituta sentitu nintzen. Pentsatzen duzu ez duzula hainbeste egin, ez duzula ezer berezirik egin omendua izateko. Azkenean, egin ditudan gauzak bihotzez egin ditut eta nahiko errazak egin zaizkit. Bestalde, oso gauza polita da omenaldia jasotzea. Geure burua ez diogu baloratzen egindako gauza asko eta oso polita iruditu zait hori sentitzea. Hau da, batzuentzat egindako gauzek pisua izan dutela ikustea.

Modu bereziren baten ospatuko duzu omenaldia?

Familian. Hai justu ere amaren urtebetetzea da eta gurasoak omenaldira etorriko dira. Beraz, goxo-goxo ospatuko dut. Seguru aski hunkitu egingo naiz, malkoa ere irtengo dira horretarako erraztasuna dudalako.

Arrazoi asko daude omenaldia jasotzeko, baina horietako bat ...eta kitto! Euskara Elkartearekin egin duzun elkarlana da. Nola bizi izan duzu zuk harreman hori?

Omenaldiaren berri jaso nuenean, urte guzti hauetan ...eta kitto!-rekin batera eduki dudan ibilbidea gogoratzen hasi nintzen. Konturatu gabe, urte pila batean elkarri lotuta ibili gara. Gaztetan, ...eta kitto! aldizkariaren hasieran uste dut, aldizkaria banatu nuen. Horrekin lotuta, 2018an, ...eta kitto! Euskara Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko Coliseo antzokian Miren Narbaizarekin eta nire alabarekin eskaini genuen emanaldian, komentatu genuen gutako bakoitzak ...eta kitto!-rekin lotura izan zuela eta, hainbeste urteren ondoren, bertan geundela berriz elkartearekin zerbait egiten. Oso polita izan zen. Bestalde, musikalki egiten ditudan gauzen islada ere egin duzue askotan eta asko eskertzen da. Horrez gain, ...eta kitto!-k herri mailan euskararen alde eta euskara sustatzeko egiten dituen lanketak nabarmentzekoak dira, Eibarren euskaraz bizitzeko eta egoteko aukerak ematen dituelako. Askotan ekintza horietan sartuta ibili naiz, hori ere gustoko ditudalako. Beraz, ...eta kitto!-rekin elkarlan dezente egin dut eta espero dut hemen ez amaitzea.