Ostalaritzan eta elikaduran deskontuarekin erosteko Oparitu Eibar txartela saltzen hasi dira

Ostalaritzan eta elikaduran deskontuarekin erosteko Oparitu Eibar txartela saltzen hasi dira
2023/11/06 11:47
eta kitto!
Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI), Eibarko Udalarekin eta Nafarroako Rural Kutxarekin elkarlanean, Oparitu Eibar txartelak sustatzeko kanpaina berri bat jarri du abian, deskontu garrantzitsuak eskainiz, oraingoan ostalaritza eta elikadura sektoreei zuzenduak. Bi sektoreetan erabiltzeko bi txartel-modalitate daude aukeran: 50 eurokoa eta 100 eurokoa. Txartelari esker, ostalaritzan % 40ko beherapenarekin eta elikaduran % 30eko deskontuarekin erosi daiteke.

Gaur bertan hasi dira txartelak saltzen, www.erosieibarren.eus webgunearen bidez.
Sektore bakoitzeko txartel bat erosi ahal izango da NAN bakoitzeko (NAN bakoitzeko 50 euroko txartel bat edo sektore bakoitzeko 100 euroko txartel bat har daiteke). Txartelak erabil daitezkeen establezimenduen zerrenda, bestalde, webgune horretan bertan ikus daiteke. Nabarmendu dutenez, “garrantzitsua da kontuan hartzea txartelak dagokion sektorerako bakarrik aktibatuta egongo direla, ez dagokion sektorean erabiliz gero, ez baitu funtzionatuko”.

Internet bidez txartelak erosi eta bi egunera, aukeratu den establezimenduan jaso daiteke txartela (Estaziño kaleko Burbujas y Más dendan, Calbeton kaleko Lacuesta optikan, edo Amañako estankoan). Azpimarratu dutenez, Oparitu Eibar txartelaren sustapen hau 2023ko abenduaren 5ean iraungiko da. Data hori igarotakoan, txartelak baliogabetuta geratuko dira, nahiz eta saldoa izan, eta saldo hori ezin izango da berreskuratu. Bestalde, txartelak hutsik daudenean, erabili diren azken establezimenduan utzi behar dira, birziklatu ahal izateko.