Ostegunean hasiko dira UEUren 54. Udako Ikastaroak

Ostegunean hasiko dira UEUren 54. Udako Ikastaroak
2026/06/09 12:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

UEUk zabalik du 54. Udako Ikastaroetan izena emateko epea. Aste honetan bertan hasiko dira aurtengo jardunaldiak, eta guztira 23 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, euskal gizartearentzat interesgarriak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin.

Hasiera ekitaldia ekainaren 11n izango da Bilbon, “Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean” jardunaldiarekin.

Udako egitarauan askotariko gaiak jorratuko dira, hala nola osasuna, hezkuntza, hizkuntza, elikadura, kultura, ingurumenaren zaintza eta digitalizazioa, besteak beste. Ikastaroak Euskal Herriko hainbat herritan egingo dira: Eibar, Bilbo, Usurbil, Azpeitia, Iruñea, Baiona, Gasteiz, Tolosa eta Errenterian, besteak beste.

Eibarren, adibidez, hainbat jardunaldi izango dira, hala nola “Haur eta Nerabeen Osasun Globala” (ekainaren 17an), “Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua” (ekainaren 22an), “Euskal Herria, ezagutza, historiografia” (ekainaren 27an) edo “Euskarazko kirola ehuntzen” (uztailaren 7-8an).

Halaber, Iruñean, Baionan, Bilbon eta Gasteizen ere izango dira ikastaroak, besteak beste justizia eraldatzaileari, energia berriztagarriei, hizkuntzalaritzari edo kultura ikasketei buruzko saioekin.

Horrez gain, GOI Ikastegiak Irakasle Eskola ere antolatu du Eibarren Udako Ikastaroen baitan, irakasleen etengabeko prestakuntzara bideratutako eskaintzarekin. Bertan, tailerrak eta ikastaroak eskainiko dira, besteak beste jolas kooperatiboak, Wikikasi metodologia, pedagogia gorpuztua edo LGTBI+ gorroto-delituen inguruko analisia lantzeko.

UEUk adierazi duenez, Udako Ikastaroek ezagutza partekatzeko, hausnarketarako eta sareak sortzeko espazio izaten jarraitu nahi dute. 

Informazio gehiagorako, egin klik hemen