Otsailaren 20tik 26ra Eibarren izango da "Itsaspeko bihotzak" erakusketa didaktikoa

Areto literario horrek genero-berdintasunaren gaia jorratzen du euskal haur-literaturaren bidez. Otsailaren 25ean 5 eta 8 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako saioa egingo da. Izena ematea zabalik dago.
Otsailaren 20tik 26ra Eibarren izango da "Itsaspeko bihotzak" erakusketa didaktikoa
2025/02/19 10:33
eta kitto!

Otsailaren 20tik 26ra Eibarren izango da “Itsaspeko Bihotzak”erakusketa Galtzagorri elkartearen eskutik. Andretxean egongo da ikusgai, eta bertara Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak joango dira. Eibarko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako jarduera da.

Dagoeneko adostuta daude bisitak Eibarko ikastetxeekin. Hala ere, 5 eta 8 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako saioa ere eskainiko da. Otsailaren 25ean izango da, 17:30ean. Izena emateko formulario hau bete behar da, otsailaren 20tik 23ra.

Areto literario honek genero-berdintasunaren gaia jorratzen du euskal haur-literaturaren bidez. Aspalditik dago gai honen inguruko kezka, haurrentzako ipuinek estereotipoak eskaintzen jarraitzen baitute.

Horrela, hezkidetzan oinarritutako ibilbide artistiko-pedagogikoa diseinatu dute. Ibilbideak haur-literatura eta beste adierazpen artistiko batzuk hartzen ditu bereziki (ilustrazioa, jostea, artisautza, ikus-entzunezkoak). Haur eta gazteentzako argitaratutako lanen artean, hezkidetza-parametro pedagogikoak dituztenak hautatu dira. Liburu zehatz bat aitzakiatzat hartuta, gelako txoko bakoitzean hezkidetzarekin zuzenean lotutako gai bat landuko da txikienekin.