Pakea Da Bidea topaketa eta Aldatze Denok Gara jardunaldia aurkeztu dituzte
Gaur goizean (eguena, hilak 30) Aldatze danok gara III. Ekitaldia aurkeztu dute Aldatze ikastetxean. Egun gutxiren buruan 110 urte beteko dituen ikastetxean zapatuan (otsailaren 1ean) ateak irekiko ditu, nahi duenak eskola eta bertako hezkuntza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezan. Marisabel Albizu zuzendariak eta Elena Aizpitarte ikastetxean Pastoralaz arduratzen den irakasleak azaldu dutenez, "gure ikastetxeak garai ezberdinak bizi izan ditu, baina beti ahalegindu gara hezkuntzarik bikainena eskaintzen. Horretarako ezinbestekoak izan dira gu guztion partehartzea eta elkarlana, hau da, irakasle, ikasle, guraso eta familiena, denon artean gure ikasleak pertsona adimentsuak, erantzuleak eta bizitzarako behar bezala prestatutakoak izatea lor dezakegu". Helburu hori lortzeko asmoz, orain dela urte batzuk Howard Gardner-en "inteligentzia edo adimen anitzen" teoria jarraitzen hasi ziren Aldatzen. Teoria horren arabera, ikasketa-prozesua osotasun gisara ulertu beharrekoa litzateke eta horretan parte hartzen duten alderdi guztiei erreparatu beharko litzaieke, bata edo bestea gehiago edo gutxiago garatu barik. Horretarako, eskolan jarduera ezberdinak lantzen dihardute azken urteotan eta ate irekien hurrengo jardunaldian adimen espiritualari arreta berezia eskainiko diotela aurreratu dute.
Zapatuan 11.00etan ikastetxean batuta ekingo diote egitarauari. Jarraian, 11.15etan ikastetxean bisita gidatua egingo dute eta 11.30etan, Innobasque-rekin batera, Zirraren Ibilbidea hasiko da. Agurtu baino lehen, 12.30etan hamaiketakoa hartuko dute, ikastetxeko DJ-ek girotuta.
Bihar Pakea da bidea topaketa
Horrekin batera, eta bihar (barixakua, hilak 31) Bakearen eta Indarkeria Ezaren Eskola Eguna dela aprobetxatuta, Pakea Da Bidea izenburuko topaketa egingo da ikastetxean bertan (txokoan), 18.00etatik aurrera. Topaketa irekia izango da eta, beraz, edozeinek izango du parte hartzeko aukera. Biharkoa tradizio izpiritual ezberdinen arteko topaketa izatea nahi dute eta, horregatik, antolatzeko orduan hainbatekin elkarlanean jardun dute: kristauekin batera ebangelikoak, musulmanak eta Yoga lantzen duen taldea egongo dira biharko ekitaldian.